Slavenka Drakulic idazle esanguratsua da Kroazian zein nazioartean Jugoslaviako gerlari buruzko lan mardulak osatzeagatik, eta, ildo horretan, interesgarria da jakitea Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko Balkanetako gatazka korapilatsua lantzen duten beste bi eleberriren ostean idatzi duela, hor kokatu beharra da. Horietako bat, Han ez banengo bezala, Amaia Apalauzak berak ekarri zuen euskarara (Pasazaite, 2018).
Drakulicek perspektiba konplikatu bati heltzen dio lan honetan; izan ere, gerla-kriminalak hartzen ditu jopuntuan. Hala, Hagako Auzitegian kriminalok epaitzerakoan azaleratutako akusazioak, galdeketak eta lekukotzak ditu oinarri liburuak, idazlea bera entzule gisa egon baitzen han. Baina horien jasotze hutsa baino, izugarrikeriaren aurrean gizakiari pizten zaizkion galderak erantzuteko proposamen bat da liburua, horrelako gertakari mingarri baten ondoren zintzilik geratzen diren arrangurei aterabide bat bilatzeko modu bat. Hala, saiakera honek hiru galdera pisutsu gordetzen ditu bere barnean: nola irits daiteke gizon arrunt bat gerra-krimenak egikaritzera? Nola eraikitzen da auzokoaren aurkako gorrotoa? Eta, azkenik, bere buruari eta herrikideei zuzenduta: zergatik geratu ginen isilik?
Lehen pertsonan bizitako guda da eta halaxe adierazten du idazleak, ondorioz, bizipen eta anekdota pertsonalek garrantzi handia hartzen dute epaiketetan jakinarazi ziren datu, akusazio eta ardurez gain. Erantzunak bilatzerakoan, ongia eta gaizkia bereizten saiatzean, idazlearen moralak paper garrantzitsua hartzen du. Izan ere, Drakulicek argi markatzen du gerrak izan zituen zio eta norabideetatik aldentzen dela. Alabaina, ez da neutrala, akusatuaren arabera, idazlearen ahotsak tonu-aldaketa nabarmenak jasaten baititu; bereziki gogorra da Serbiako lehendakari ohiaren eta haren emaztearen kasuan; erraietatik ateratzen den erra hauteman daiteke lerro artean. Kontrara, hilketak egin bai baina halakorik suertatzerik nahi ez zuen soldaduaren kasuan, kontakizun literario baten itxura hartzen du testuak. Beraz, liburuan zehar, zenbaitetan, galdera sortzen da: zer egin zuen idazleak gerra bitartean? Non kokatu zen? Nondik idazten du? Zerk baldintzatzen ditu bere hausnarketa moralak?
Esango nuke azken kapituluak azaltzen duela idazlearen xedea eta interesgarria litzatekeela irakurraldia handik hastea, gakoa baita saiakera bere osotasunean ulertzeko. Gerlaren deshumanizazioari gizatasunetik begiratzeko hautua egiten du idazleak, eta, beraz, agerikoak dira talkak, baina baita interesgarriak ere: mendialdeko arrantzale xume batek bere eskuz 200 herrikide hiltzen amaitu bazuen, gure gisako jende arrunta izanik, gauza bera egiten buka genezake guk ere? Psikologia indibidual eta kolektibora hurbiltzen da arrazoi bila, eta ariketa zilegia da guztiz. Hala ere, zenbaitetan testuinguru politiko-sozialean gehiago arakatzeko beharra sumatzen da.
Azkenik, bereziki eskertzekoak dira itzultzailearen oharrak, gatazka eta pertsona bakoitza kokatzen laguntzeaz gain, liburua idatzi zenetik gaur arte egondako aldaketak azaltzen baititu, bertsio eguneratuago bat eskainiz.
Literatura. 'Sekula ez liokete euli bati hegalik kenduko'
Gerlaren gizalegea
Idazlea: Slavenka Drakulic. Itzultzailea: Amaia Apalauza. Argitaletxea: Txalaparta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu