KRITIKA. Antzerkia

Gepettoren tailerrean

Gorakada konpainiaren Pinocchio antzezlanaren argazki bat. GORAKADA KONPAINIA.
Agus Perez.
2021eko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun

'Pinocchio'

Konpainia: Gorakada. Egilea: Carlo Collodi. Gidoia: Julio Salvatierra, Kike Diaz de Rada. Zuzendaritza: Jose Carlos Garcia. Musika: Fran Lasuen. Eszenografia: Ikerne Gimenez, Alex Diaz. Argiak: Ion Chavez. Jantziak: Ikerne Gimenez. Antzezleak: Pako Revueltas, Nerea Ariznabarreta, Aroa Blanco, Pau Torres. Lekua: Durangoko San Agustin aretoa. Eguna: Urtarrilak 24.

Gepettoren tailerrean jardun handia dago gaur. Pinocchio jaiotzear da bere aitaren sabeletik, erditze umoretsu baten irudikapenean, eta unea heldu baino lehen dena da lan: zartako erritmikoak hemendik, mailua eta aliketak hortik... limaren hotsa ere ez da falta izan kolpe metalikoen artean, XXI. mendeko Pinocchio hau burdinazkoa izango baita egurrezkoa izan beharrean.

Gorakada konpainiaren aurreko lanetan bezala —Munduari itzulia, Moby Dick, Ulisesen bidaia...— literatura unibertsaleko klasiko bat hautatu dute oraingoan ere, eta Carlo Collodiren testu ezaguna izan da aukeratua. Collodi pseudonimoa Florentzian 1826an jaio eta 1890ean hiri berean hil zen Lorenzini kazetariarena da, baina egilea historiara igaro zen goitizen harekin idatzitako ipuinarengatik.

Hala ere, bere kazetari senari esker jaio zen Pinocchio, Collodik izen bereko pertsonaia baten istorioak argitaratzen zituelako astero-astero umeentzako egunkari batean. Bide batez esanda, ze irudi arkaikoa, lagunok, umeak paperezko kazetak irakurtzen!, baina interesgarria deritzot kontu horri, haren ondorioz hobeto ulertuko ditugulako jatorrizko liburuak daukan egitura zatikatua eta fantasiazko kontakizun bati dagokion logika falta.

Bide horretatik, aipatzekoa da Kike Diaz de Radak eta Julio Salvatierrak egin duten moldaketa, jatorrizko pasarterik ezagunenekin eratu baitute taula gainean ikusi dugun kontakizuna. Gainera, argumentuko une batean edo bestean gaurko gizartearen kezka batzuk txertatu dituzte, hala nola itsasoen kutsadura, migratze behartuetan itotakoak, agintarien gaineko ironia fina edota kontsumismo zentzugabeak astakilo bihurtzen gaituelako ideia, azken hori Collodi profetikoari zuzen-zuzenean hartuta.

Esan bezala, era askotako zaratak entzun ditugu Gepettoren tailerrean, eta haiek izan dira dramaturgia irudimentsu eta aktiboaren funtsa, Pau Torresek bi motatako saxofoirekin sortutako hots esanguratsuekin eta melodia laburrekin batera. Bestetik, eta lehen aipatutako lanetan bezala, bere bide emankorrari jarraitu dio Gorakadak, objektu bakoitzari ezusteko erabilerak emanez eta haiek guztiak esangura metaforikoz blaituz.

Pako Revueltas, Nerea Ariznabarreta eta Aroa Blanco izan dira narrazioetako pertsonaia guztiei bizia ematearen arduradunak, eta etengabeak izan dira haien arteko rol trukaketak: orain azeri orain katu, orain alkate andrea orain kilker —Grillo Parlante jatorrizkoan—, eta horrela infinituraino... Ez da harritzekoa, beraz, FETEN jaialdi prestigiotsuan (Oviedo, Espainia) Zuzendaritza Onena saria eskuratu izana, baina nago beste arlo batzuetan ere merezi zutela domina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.