Leire Urbeltz. 'Ezezagun bat ikusten baduzu, agurtu nire partez'
Non: Noaingo kultur etxean (Nafarroa).Noiz arte: urtarrilaren 27ra arte.Leire Urbeltz artistak erakusketa berria mustu du Noaingo Kultur Etxean, Ezezagun bat ikusten baduzu, agurtu nire partez titulupean. Sorgunetik aldentzean hainbat eta hainbat eraldaketa gertatzen dira geure barrenetan, eta etxea zen hartan zeure burua berriz ere kokatzeak hausnarketa anitz eragiten ditu. Bada, prozesu horretan barneraturik, ezaguna denaren eta ezezaguna denaren arteko kulunkatze bat proposatzen digu artistak. Hari horretatik tiraka, nonbait nor zaren edo nor ez zaren jakiteak suposatzen duen tirabiran, Urbeltzek bere barne-geografiak azaleratzen dizkigu.
Mostra espazio bakarrean egituratzen da, eta horrek aukera ematen du aurkezten diren pieza askotarikoen arteko elkarrizketa gauzatzeko. Aitzitik, espazioan aurrera egiten dugun heinean, hainbat gune sortzen direla antzematen da.
Munduan zehar bidaiatu ostean, barrenetan suertatutako hausnarketak plazaratzen ditu artistak, eta, espazio errealistekin batera, mundu onirikoak islatzen ditu bere artelanetan. Hori da erakusketa espazioan barneratzen garen momentuan arnasten dena, figurazioa abstrakzioarekin eta irudi errealak kolore eztanda batekin uztartzen baitira.
Halaber, nahiz eta Urbeltzen lanak marrazkiarekin eta margolaritzarekin lotu, oraingoan eskulturatxoei eskainitako mikro-espazioa ere badugu. Idulkietan goratuta, tamaina txikiko figura zuriak dira. Nolabait, mostraren izenarekin bat eginik, ezezagunak dira, ezin ditugu definitu: gizakien eta animalien morfologia hibridoak dituzten izakiak dira, arrotzak eta goxoak aldi berean.
Aipagarria da oso, erakusketa-espazio tradizional baten zurruntasuna hautsiz, piezen instalazioak sortzen duen erritmoa. Hain zuzen ere, euskarrien formatuak askotarikoak dira, horien kokapena oso dinamikoa da, eta aurrez idatzitako arauak urratzen ditu: margolan gainjarriak, batzuk besteak baino gorago kokatuak edota irudien konstelazio bateratuak sortzen dira. Hala, instalazioak espazioarekiko sinbiosi eraginkorra garatzen du.
Era berea, inguruko pintura koloretsuekin kontrastean daude eskulturak, baina haien oihartzunak inguruko marrazkietan entzuten dira. Jolas horretan, eskulturek inguruko konposizioetara egiten dute salto. Esaterako, idulkien ondoan, hibridotasun horrekin identifikatzen den izaki baten marrazkiak honakoa galdetzen du: «It's true that I'm pretty?» («Polita al naiz?»). Galdera gordina bezain zaurgarria da; izan ere, zein parametroren arabera egituratu dezakegu erantzuna?
Erantzunik ez dugun neurrian, espazioan aurrera egin, eta ezjakintasunak harrapatzen gaitu. Baina horrek izaki hibrido eta arrotz horien zaurgarritasunaz ere ohartarazten gaitu, eta igortzen den zaurgarritasun horrek haiekin konektatzeko aukera ematen digu. Horrek, nolabait, haien espazioetan barneratzeko giltza eskaintzen digu.
Gorputz hibridoen txokoa hedatzen da orduan, eta, bertan barneratuta, artistaren barne hausnarketen eta haren zaurgarritasunaren eszenografia bihurtzen dira irudi ezezagunak, espazio lausotuak eta inguru malgutuak.
Halaber, Urbeltzek bisitatutako herrialdeen paisaiak aurkezten zaizkigu, betiere kolorez blaitutako atmosfera baten pean. Eta, espazio horietatik salto eginez, bestelakoetan pintura surrealisten atmosferak eta konposizio onirikoekin bat egiten duten pinturak sumatzen dira, ezjakintasunean barneraturik definiezinak diren espazioak sortzen dituztenak.
Bizipenetatik abiaturik geure identitatea eraikitzearen edota aurkitzearen prozesu zaurgarriaren geografiak ikusarazten ditu Urbeltzek erakusketan. Honela, prozesu horiek zeharkaturik, espazioa eraikitzen duten piezen uztartzearen bitartez, mostrak bestelako atmosfera batera salto egiteko gonbita egiten digu. Eta, azken finean, irudiek, konposizioek, figurek... helarazten dizkiguten hausnarketen sintesia hurrengo galderetan gauzatzen da: Zer gara non? Non ez gara zer?