Elena Asins
Erakusketa: 'Topaketa berankorrak'. Lekua: Koldo Mitxelena kulturunea. Donostia. Noiz arte: irailaren 22ra arte.
Informatika eta horren bitartez lortutako estetika matematikoak biltzen dira Koldo Mitxelenak Elena Asinsen (1940, Madril) inguruan antolatu duen erakusketan. Topaketa berankorrak izenburupean bildurik, serigrafia, marrazkia, eskultura eta bideoa nahasten dira zenbait espaziotan, instalazio kutsu orokor bat duen ibilbide batean.
Aretoko espazio nagusia erakusketaren ardatza den Menhires artelanak zeharkatzen du alderik alde. Instalazio eskultoriko hori osatzen duten 40 piezek plano imajinario batek sortutako mozketa erakusten dute azalera ezberdinetan, eta hutsunea eta horren trantsizioak bere osotasunean duen estetika lineal geometrikoa azaleratzen du. Trantsizio horren parte dira aurkezten diren gainontzeko artelanak, serigrafia, marrazki eta bideo formatuetan eginikoak, azken horiek Gorka Aldak sortutako musikaren laguntzarekin. Aipamen berezia merezi du Zulo beltza instalazioak, non artista madrildarrak ikuslea hutsunean murgildu nahi izan duen, guztiz iluna den areto bat prestatuz. Lehen inpresioan arina eta hutsala eman dezakeen arren, instalazio hori oso garrantzitsua da erakusketan: hutsunearen trantsizioko mugetako bi erpinak errepresentatzen ditu, hutsunearen abiapuntua eta amaiera, eta erakusketa nahiz ikuslearen ibilbidea borobiltzen du.
Aspaldi datorkio Asinsi matematika eta informatikarekin duen lotura estu hori. Parisko unibertsitatean Arte Ederrak ikasi ondoren, bereziki garrantzitsuak izan ziren Madrilgo Kalkulu Zentroan eginiko ikasketak, non beste artista talde batekin batera konputagailuen bitartez sortutako forma plastikoen inguruko mintegi batzuetan parte hartu zuen. Ez dugu ahaztu behar Espainian mintegi horiek ezarri zituztela arte informatikoaren lehen pausoak, bertan artista talde murritz batek aukera izan baitzuen sortu ziren lehen ordenagailu erraldoietako batekin lanean jarduteko. Ikasketa horiez gain, Stuttgarteko unibertsitatean semiotikaren ikerketan murgildu zen, gizakien komunikazio sistema eta bertan parte hartzen duten zeinuak ikertuz. Argi dago bi egonaldi horiek bere lanean garrantzi berezia izan dutela.
Asinsen lanaren oinarria espazioaren eta denboraren eraldaketan ardazten da, eta lengoaia bisualaren etengabeko ikerketa batean murgiltzen du ikuslea. Kolore eta formek lehen begiradan adieraz dezaketen sinpletasuna ez da arinkeriarekin nahastu behar. Denboraren trantsizioa eta eraldaketaren bidea konplexuak dira, eta, gaur egungo gizarteak eta merkatuak eskatzen duten berehalakotasunaren aurrean, artista madrildarrak ordena eta abiadura berri bat ezarri ditu. Eta hauxe da erakusketak ikusleari eskaini eta eskatzen diona, lasaitasuna eta denbora, geure buruaren eta inguruaren hausnarketa egiteko geldiune bat.
Oro har, ikuslearentzat ez da erakusketa erraza. Koloreen erabilera zuri-beltzera mugatzen da, eta formek egitura linealen mugimendua jarraitzen dute. Matematikan eta informatikan oinarritzen diren irudiak aurkezten ditu. Benetan zoragarria da erakusketak sortzen duen lasaitasuna eta geldotasuna. Denborak duen garrantzia azpimarratzen du horrek, benetan elementu hori baita erakusketaren ardatza. Denboraren trantsizioa irudi eta formetan islatzen da, eta geldotasun horrek ikusleari nolabaiteko lasaitasuna eragiten dio, erakusketatik kanpo gaur egungo gizartean dugun abiadura zoro honetatik guztiz bakartuta. Denboraren trantsizio geldo honrren eragina dela eta, espazio sakratuetan sortzen zaigun espiritualtasunaren sentipena sortzen du erakusketak; zientzia eta espiritualtasunaren arteko lotura estu bat sortzen da.
Asinsen lanez gain, azpimarratzekoa da KM aretoak erakusketarako aurkeztu duen antolaketa eta muntatzea. Bereziki egokia da artelanen banaketa eta argiztatzea. Gainera, aretoak goialdeko liburutegiarekin duen lotura etetea erabaki da, tela batekin sabai bat sortuz eta erakustaretoaren erdialdeko bi guneen altuera mugatuz. Horrek erakusketan sortzen den bakartze egoeran asko laguntzen du, Menhires artelanak jario duen denbora eta espazioaren tratamendu berezi hori kondentsatuz. Beraz, artelanek daukaten balio plastikoaz gain, inoiz baino gehiago espazioan sortzen den giroa azpimarratu behar da, geometria, informatika, antzinako espiritualtasuna eta denboraren dastatze geldo batean murgiltzen baikaitu. Ikuslea sentikortasunaren bitartez hurbildu daiteke artelanera, eta nahiz eta aurrean daukaguna momentuan ulertzeko gaitasunik ez izan, artelanak, espazioak eta sortzen den giroak guregan eragina izango du.
Kritika. Artea
Geldotasun gozoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu