Kritika.Musika

Geldo eta sakon

'Barakelaw'. Samba Toure.
Andoni Tolosa.
2025eko otsailaren 2a
04:30
Entzun

samba toure

'Waarakelaw'
Glitterbeat Records.

Badakit ez dela txukuna beste musikari baten izenarekin hastea musikari baten diskoaren aipamena. Baina ezin dut besterik egin, disko hau lehenengo aldiz entzun nuenean Ali Farka Toure hipnotikoena etorri baitzitzaidan burura, eta segidan pentsatu nuen: «Zein ederra, zenbat denbora horrelakorik entzun gabe». Bakarrizketarekin jarraitzeko, neuk erantzun nion ene galderari: «Hi ,Andoni, Samba Toureren aurreko diskotik, hain zuzen ere» (Binga, 2021).

Ez, alferrik da Samba Toure eta Ali Farka Toureren arteko harremana saihestea. Beraz, hobe hasieratik aipatzea, eta gogoratzea 1997an Timbuktuko (Mali) maisu handiak bere taldekide izateko aukera eman ziola gazteari, eta harekin ibili zela AEBetan eta Europan zehar. Bultzada horrekin, eta Farka Toureren alboan ikasitakoekin, Fondo (1998) kantu bilduma kaleratu zuen, Samba Toure izenarekin. Diskoak dezenteko oihartzuna lortu zuen Malin, eta hurrengoak —Aito lanak (2007)— mendebaleko Afrikako jaialdietako ohiko izen bilakatu zuten. Handik bi urtera, World Music Network argitaletxearen eskutik argitaratu eta bere diskoen artean lehenengo aldiz Afrikatik kanpora zabaldu zen Songhay Blues lanak mendebaleko entzuleen arreta erakartzea lortu zuen.

Harrezkero, beste bost disko kaleratu ditu, eta Maliko artistarik estimatuenetakoa bihurtu da. Gainera, berebiziko gaitasuna erakutsi du Mali iparraldeko Shongay musikaren erroak blues-rockaren eta psikodeliaren eraginekin uztartzeko, garai batean hain ospetsua gertatu zen desert-blues horren alderik berezkoena, organikoena erakutsita. Horixe egin du berriro ere, Maliko langileei eskainitako Baarakelaw honekin.

https://www.youtube.com/watch?v=Y2KH19Ta0NI

Diskoa 2023an grabatu zuten, Bamakon, Maliko energia krisi latzak eragindako oztopoei ahal bezala aurre eginez: egunean zehar ausazko ordu batzuetan baino ez zuten argindarrik. Grabazio horiek, ondoren, Frantziako beste estudio batean landu zituen Mark Mulholland ekoizleak (Tamikrest, Afro-Haitian Experimental Orchestra...), eta beste hainbat musikariren ekarpenak gehitu zizkion: sintetizadoreak, harmonika, organoa... Beste geruza musikal bat erantsi zion Afrikan grabatutakoari. Baina bigarren geruzak ez du sekula itotzen Malin grabatutakoaren berezkotasunik.

Baladak eta erritmo ertaineko kantuak dira. Eta, noski, badira ahots lasai eta sakonak, gitarra akustiko eta elektriko hegalariak, baxu lodiak, eta perkusio apalak. Dena doa jario geldo baina etengabean. Bai, lasai jarri eta osorik entzun beharreko disko horietako bat da hau.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.