KRITIKA. Artea

Geldiezina eta amaigabea

Erakusteko ohiko moduak gainditzen ditu erakusketak. MONIKA DEL VALLE / ARP.
2016ko martxoaren 29a
00:00
Entzun

Susana Talayero

Erakusketa: Kronika geldiezina (1987-2016).Lekua: Bilboko Arte Ederren Museoa. Noiz arte: Ekainaren 6ra arte.

Erroma eta Bilbo artean kokatzen da Bilboko Arte Ederren Museoak 33. aretoan Susana Talayero artistaren inguruan antolatu duen erakusketa. Aimar Arriola arte komisarioaren eskutik, espazioaren eta denboraren inguruko gogoeta planteatzen da, artista bilbotarraren ibilbidean ardaztuz haren sormen prozesuarekin lotutako espazio publiko eta pribatuen nahasketa eta erakusketa muntaketak haren lanean duen berrirakurketa planteatuz.

Guztira, espazioan 100 lan inguru aurkezten dira, 1980ko hamarkadatik egun arte sortutakoak. Erakusketan zabaltzen diren artelan multzo zabal horren artean formatu ezberdinetako pintura lanak, collageak, bideo-lan bat eta aurkitutako materiala erabiliz eraikitako mota ugaritako objektuak nahasten dira, eta, sormen prozesuaren bidez, identitate eta ibilbide bizi baten pausoak ikus ditzakegu.

Arte Eder fakultatea utzi eta Erromara bideratzen den artistaren inguruan hasten da kronika, 1996. urtean Bilbora bueltatu ondoren gaur egun arte bizirik dirauen bizi prozesu artistikoa. Ibilbide hori hiru fasetan banatzen da: Erroma-mahaia, Lorategia eta Buruhandiak. Lehen fasea (Erroma-mahaia) artistak 1987-1995 artean Erroman iragan zuen garaian ardazten da, eta, izenburuak dioen bezala, espresuki erakusketarako sortua izan den mahai bat erakusten digu. Hor aurkezten den multzoa objektu txiki, argazki, marrazki eta pinturez osatzen da, bata bestearen gainean eta mahaiaren azalera guztiz okupatuz, artista bilbotarrak garai hartn bizi zuen sormen eferbeszentzia erakusten digu.

Bigarrenak (Lorategia) 1999-2009 bitartean sortutako lan multzo bat aurkezten du. Multzo horren ezaugarririk aipagarriena aurkezpenean datza. Formatu ezberdinetako pintura eta marrazkiak paretatik lurrera zabaltzen dira, pilaketaren bidez, eta erakusketako paretak eta lurrak osatzen duten erpinak geometria indartsu eta koloretsu batean bilakatzen ditu. Emaitza benetan ikusgarria da; berriro ere, ezohiko aurkezpen baten bidez, Talayerok artelanera hurbiltzeko beste perspektiba bat erakusten digu, espazio pribatuan landutako sormen prozesu baten emaitza erakusketako espazio publikora moldatuz.

Hirugarrenak, berriz, Buruhandiak, 2006. eta 2014. urteen artean sorturiko artelanak erakusten ditu. Marrazkiaren eta pinturaren artean giza aurpegiaren dekonstrukzio bat azaltzen digu artista bilbotarrak, kontzeptuak erantsirik dakarren identitatearen inguruko gogoetarekin nahasten delarik. Benetan aipagarriak dira atal horretan ikus ditzakegun hainbat lan: paper gainean teknika anitzez sortutako Bizarras seriea (2012), poliester gainean teknika anitzez egindako Cerebros multzoa (2009) edo Retrato Bulboso IV (2013) eta Cabezona Rosa (2014), besteak beste.

Geldiezina-ren bidetik, berriz Talayeroren sormen prozesuan murgiltzen gara. Erakusketak berekin dakarren aurkezpenean azaltzen den bezala, artistaren lanean eragin anitz nabari dira: europar informalismoa, AEBetako espresionismo abstraktua, neoespresionismo alemaniarra edo italiar transabangoardia eta arte povera. Nolabait, guztien ukitua gordetzen du Talayeroren lanak, eta, sormen prozesuaren barruan, esperimentazioa eta berehalakotasunaren bitartez bideratzen dira. Sormen bide horrek artistaren lanean nahasketa interesgarri bat erakusten digu; material edo keinuen mementokotasuna, koloreen indarra edo irudi eta marrazki ezberdinen malgutasunak identitate bat marrazten du, eta, erakusketan erakusten diren artelan ezberdinen bitartez, amaitu gabeko historia bat aurkezten du.

Izaera amaigabe hori espazioarekin eta denborarekin zuzenki lotzen da erakusketan. Denborak hiru hamarkadatako ibilbide baten bidetik garamatza, eta, aldi berean, 33. aretoaren banaketak denboraren ziklikotasunaren inguruko gogoeta pizten du. Badirudi guztia Erroman hasi eta, era berean, ibilbideak berriro ere Erromara garamatzala, kiribil baten barruan errepikatzen den modura. Aldi berean, antolakuntza aldetik, erakusketak moldaketa eta interpretazio berri bat eskatzen du. Lan ezberdinak berriro deskubritu eta perspektiba berri batekin berrantolatuz, espazio pribatutik publikora doan birmoldaketan oinarritzen den instalazio bat sortu eta azken finean espazioan zehar zabalduz doan artista eta pertsonaren irudi berri bat moldatu. Ibilbidearen irakurketa kronologikoarekin batera, barrura begira kokatzen den ikuspuntu bat ere erakusten da erakusketan; espazio zabaletik gorputzaren barrualderaino bideratzen da prozesu organikoa, eta hor aurkezten dizkigun mahai, irudi eta multzo zabalek espazioaren eta bertako lanen helburuaren beste perspektiba bat zabal dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.