'Sute zaharreko ikatzek jokoa mugatzekobalio dute gaur'
Sortzailea: Eduardo Hurtado.Non: La Taller espazioa, Bilbo.Noiz arte: Otsailaren 25era arte.Bilboko La Taller espazioak Eduardo Hurtadoren (Valladolid, Espainia, 1986) azken proposamenarekin zabaldu du 2018ko erakusketa multzoa. Erakusketaren izenburua artistak idatzitako lehen poema liburutik dator; La conducta de los animales, liburua ixten duen azken testutik, zehazki. Erakusketarako bertarako espresuki sortutako piezez eta beste obra zein proiektuetatik ateratako elementuez osatua dago, zatien bidez logika formal baten sorreratik aldentzen diren prozesuen lekukoak aurkeztuz. Boikota pauta modura harturik, eta egin asmo ez ziren gauzak eginez, testuinguru artistikotik kanpo geldi daitezkeen hainbat ezaugarri lantzen dira: aspektu dramatikoa, eszenografikoa edo dekoratiboa, besteak beste.
Erakusketara sartu orduko, espazio berezi batean sartzen garela konturatzen gara; atean kokaturiko zeramikazko objektu soinudun batek barruan gordetzen den alderdi espirituala iradokitzen du. Barruan, horman, erretako egurrez idatzi eta erdi ezabatutako titulua ikus dezakegu, aurrerago aurkituko dugun kearen, mugimenduaren eta gorputzgabetasunaren adierazgarri garbia. Lehen espazioa deituko dugun batean —argiztatuagoa—, hainbat elementu erabiliz altxatzen den egitura nagusi bat ageri da. Goiko aldean duen intsentsuaren usainaren eta kearen mugimenduak mundu paganoaren eta erlijio kristauaren mugetan kokatzen den totem bat aurkezten du. Horren inguruan objektu txikiagoak zabaltzen dira, aurkitutakoak edo beste proiektuetatik bilduak, eta askok ekintzak eransten dien oinarri performatibo bat gordetzen dute, errituarekin lotzen dena.
Bigarren espazioa, berriz, iluna, paretan kokaturiko oihal baten bidez mugatzen da, eta, ondo begiratuta, txanodun kapa erraldoi bat dela konturatzen gara. Elementu hori ere bikaina da erakusketan, pertsonala dena eta ezkutuan gordetzen den hori mentalki nahiz fisikoki iradokitzeko gai baita, atzean gordetzen duena guztiz ilunpean ezkutatuz. Barruko gainontzeko objektuak horretarako utzitako kandela baten bitartez bakarrik argizta daitezke; beste proiektuetatik gordetako objektuz osaturiko cromlech bat, zeramikazko pieza bat sostengatzen duen makramea, burdinazko goldea eta bere irudi txikia, nahiz paretako estanpazio sinbolikoak une oro mugimenduan dauden argi eta itzalen artean ageri dira.
Horrela, inguru benetan berezi bat aurkezten zaigu, objektuz baino gehiago sentipenen bidez erakitzen den espazio bat. Ke, su, argi, itzal eta usainaren bidez, presentziaren, ezaren eta mugimenduaren arteko mugak behin eta berriro gurutzatzen ditu ikusleak, objektuak edo haren itzalak duela. Elementu horrek ezezaguna izaten jarraitzen du, definitu gabea, eta ikuslearen pertzeptzioaren bidez definitu daitekeena. Zeren bada hemen nolabaiteko hondar bat, ziurrenik guztion ezagutza, oroitzapen eta bizipenen bidez sortzen dena, kulturalki errotua duguna, eta paganismoarekin edo erlijioarekin lotutako mistikotasun batekin lotzen dena.
Mistikotasunaren kontzeptua bereziki azpimarragarria iruditzen zait Hurtadoren erakusketari heltzeko, haren hainbat ezaugarrik zuzenean artistaren lanera eta prozesura gerturatzen baikaituzte. Mistika askatasunaren filosofiarekin lotzen da, eta proiektu honek erakusten duen askatasunaren ideiarekin zuzenki lot daitekeela. Grezierazko mystikos hitzetik dator, berez itxia esan nahi du, eta filosofikoki arrazoiaz azaldu ezin diren fenomenoen inguruan eraikitzen da. Alois Haas filosofo alemaniarraren hitzetan, mistika gauzen muinean dago, gizakiaren barneko bizitzan, eta barne gizaki hau da utopiak eraikitzeko aukeran sinesten duen bakarra.
Kasu honetan, mistika aipatzean ez gara erlijioaren inguruan ari, alderdi bital eta filosofiko baten eremuan baizik. Bada La Tallerreko espazioan zehar zabaltzen den itzal bat, norberaren desegitearekin lotura duena, betiere irakurketa filosofikoaren barruan. Denboraz kanpoko errealitate baten sarrera izan daiteke, agian gure gaztaroko oroitzapen batean oinarritzen dena... usainak, testurak, zaporeak... Eta nahiz eta erakusketa bere osotasunean objektu fisikoz osatzen den, benetako helmuga oroitzapen edo karga honen adierazpena izan liteke. Etereoa den horren irudikapen fisikoa.
Mistikarekin lotuta, bada Alemanian erabiltzen den hitz bat, Gelassenheit. Hitz hori soseguarekin edo lasaitasunarekin lotzen da, baina beti uzteari edo abandonuari lotuta. Hurtadoren lana pauta horrekin elkar daiteke: sortzearekin baino gehiago, uztearen ekintzarekin alderatu daitekeen ekintza bat, era berean, gorputzarekin lotzen den erritu bilakatzen da. Haasek esaten duen bezala, diskurtso mistikoa poesia mota bat da, autobiografia bat. Diskurtso mistikoa existentziala da.