KRITIKA. Dantza

Gela ilunetan barrena

Agus Perez.
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

'Moor Krad'

Konpainia: Ertza. Koreografia: Asier Zabaleta, artisten kolaborazioekin. Musika: Marc Kanou (John Dowland eta Henry Purcell oinarri). Eszenografia: Pello Artola. Argiak: Junky Mayo. Jantziak eta kantua: Iosu Ieregi. Dantzariak: Thiago Luiz Almeida, Pilar de Andres, Valerio di Giovanni, Rafke van Houplines, Denis Martinez, Iosu Ieregi. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: abenduaren 9a.

Arriaga antzokiko besaulki-patioa ia beteta zegoela estreinatu da Ertza konpainiaren azken dantza lana, Moor Krad izenekoa. Koreografoak berak azaldu duenez, izenburu kriptiko horren esangura erraz deszifratzen da alderantziz irakurrita, orduan Dark Room (Gela iluna) geratzen zaigulako.

Eta horretan datza sortzailearen jatorrizko ideia: gure baitan daramatzagun alde ilunak argitara atera nahi izan ditu dantzaren bidez eta formatu handian. Ez bakarrik eszenatokiaren dimentsioengatik baizik eta lan osoaren barne koherentziagatik eta osagai guztiei emandako arretagatik.

Espero zen bezala, agertoki ilun-ilunean agertu dira sei dantzariak. Haietariko batek eskuko farol txiki batekin argiztatu ditu besteak, haiek eboluzio geldoak multzoan egiten zituzten bitartean, jarrera erdi sentsualak erdi sexualak hartuz, eta atzeko ahots eta garrasiek amesgaiztoen eremura eroaten gintuztela. Esandako sentsazioa noizean behin bueltatu da emanaldian zehar—normala denez, geure alde ilunei buruz ari bagara—, baina hasiera horren ostean beste pasarte asko etorri dira, eta haietariko askotan inspirazio aberatsa eta ideien jario etengabea izan dira nagusi.

Irudimentsuak, dotorezia handikoak eta teknikoki orbangabeak izan dira talde-koreografiak eta hiru soloak, eta horretan zerikusi handia dute dantzari guztien prestakuntza bikainak eta musikaren diseinuak. Izan ere, Marc Kanouren musikak John Dowland eta Henry Purcellen pasarte asko hartu ditu oinarrian, eta, berez zoragarriak diren arren, are interesgarriagoak egin zaizkigu Kanouk eman dien orkestrazio garaikidearekin. Bestetik, aipatzekoa da Iosu Ieregik abestu dituela zuzenean pasarteok, orain baritono orain tenor, beste dantzarien mugimenduetan ondo baino hobeto integratuta.

Ezertaz ere ez da abusatu koreografien diseinuan, eta haien artean gogoratzeko modukoak iruditu zaizkit lerro diagonaletan izandako formazioak, eskuak eta besoak era hipnotikoan mugitu direneko pasarteak, amorrua kanporatzeko eraikitako eszena, eta askoren artean osaturiko gorputz bakarren irudiak. Baina unerik politena amaiera aldera etorri da, kantariak dantzariek inguratuta abestu duenean, begiak estalita eta bere gorputz ia biluzia eskuetako argi txikiekin argiztatzen zuela. Irudi ederra, benetan, emanaldiari amaiera ezin poetikoagoa emateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.