KRITIKA. Artea

Gela hutsak

Jon Mikel Eubaren 'Pandamask 2' lana, Artium museoan ikusgai. ARTIUM MUSEOA
Jon Mikel Eubaren 'Pandamask 2' lana, Artium museoan ikusgai. ARTIUM MUSEOA
2024ko urriaren 22a
05:00
Entzun

Jon Mikel Euba. 'Pandamask 2'  + 'Neska'

Non: Artium museoan, Gasteizen. Noiz arte: azaroaren 3ra arte.

Bilduma, ikusgai programaren barruan, Artiumek erakusketa bat eskaini dio Jon Mikel Eubari. Artistaren ekoizpena oso-oso askotarikoa bada ere, kasu honetan museoaren hormek biltzen duten erakusketak haren ikus-entzunezkoetan jartzen du ikusmira. Hala, mostra Z Aretoan kokatzen da, zinemaren eta erakusketa plastikoen arteko uztartzea bideratzen duen erakusketa aretoan, hain zuzen.

Euskal testuinguruko bideogintzaren genealogia existitzen da, nahiz eta horren inguruko gerturatze sakonik ematen duen erakusketa askorik ez den egin. Gogora datozkit Gasteizko Musika Bideoen jaialdiaren, Tolosako Bideoaldiaren edota Ikuska dokumentalen kutsu poetikoa bera ere. Hain zuzen, geure testuinguruan bideogintzak pisu argia izan zuela adierazten dute horiek. Ikuskerak askotarikoak izan daitezke, eta kamera erabiltzeak helburu instrumental edota artistiko bat ere badu. Halaber, 90eko hamarkadan hainbat eta hainbat artistaren ekoizpenek kameraren balio artistikoaz ohartarazi gintuzten, eta Jon Mikel Euba horren adierazleetako bat da.

Kamerak bideratzen duen esperimentazio espaziala zein eskultorikoa aintzat hartuta, erakusketak artistaren hiru ikus-entzunezko proposatzen dizkigu. Bada, bideoak aurkezteko erak ezberdinak dira, bi espaziotan banatzen baitira.

Erakusketa espazioan barneratzen garen momentuan, mostraren nolabaiteko harrera gunea dugu. Bertan, Arantza Santestebanek idatzitako testuak bideogintza militantearen kokapen historikoa egiten digu. Horren ezaugarriek Eubaren beraren egiteko moduekin loturak dituela igortzen digu testuak, eta era argian sumatzen dira bideogintzaren eta zinemaren arteko aldeak. Parean, artistaren bideoen argazkiak, eskemak, gidoiak... biltzen dituen bitrinak jarraian ikusiko dugunaren hainbat pista ematen dizkigu.

Halaber, ondoan artistaren hastapenetako beste bideo bat proiektatzen da zokoratua dagoen monitore batean. Bertan, marrazkiz betetako eraikin baten presentzia igortzen digu artistaren kamerak. Mugimenduak bat egiten du marrazkien ingeradek bideratzen duten dinamismoarekin.

Begirada monitoretik altxatzen den momentuan kontrastea sortzen da bertan ikusi dugunarekin, gela hutsik geratzen baita. Aurrez aipatu bezala, Z aretoaren ezaugarri nagusia ikus-entzunezkoen eta adierazpen artistiko plastikoen arteko zubi-lanak egitea da. Bada, Eubaren lanean bi euskarri horien arteko muga lausoa da, eta prozesu horretan interesgarria litzateke lausotze hori erakusketa espazioaren lehenengo gune horretan proiektatzea. Artistaren lanak berak, askotan, gorputzean jartzen baitu fokua, eta bertan, ikuslearen gorputzaren beraren presentzia bigarren edo hirugarren plano batera pasatzen baita.

Hausnarketa horrekin jarraituz, erakusketaren hurrengo espaziora joaten garen momentuan sentsazioa antzekoa da. Kasu honetan, bigarren espazio honek bildu ohi dituen piezak ikus-entzunezkoetan zentratzen dira, eta eskala handian proiektatzen dira hondoko murruan. Ildo horri jarraitzen dio Eubaren lanean zentratutako erakusketa honek, eta, zehazki, bi dira proiektatzen diren obrak: Pandamask 2 eta Neska.

Aretoaren morfologia berria da, jada ez ditugu aurkituko zinema espazioa gogora ekartzen diguten eserlekuak, hiru egurrezko kaxak ordezkatzen baitituzte. Aldaketa interesgarria bada ere, aurreko gelan zeharkatu gaituen sentsazioa berdina da. Bideoak loop-eran proiektatzen dira, bata bestearen atzetik behin eta berriz. Baina kronologia ezberdinetakoak dira, eta, zentzu horretan, interesgarria litzateke gelaren egituraz baliatu izana bi bideoen arteko elkarrizketa bideratzeko. Edota, besterik gabe, espazialtasunari eta ikusleen gorputzei beharrezkoak diren keinuak egin izana, artistaren lanak behar horretaz ohartarazten baikaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.