KRITIKA. Dantza

Gehiegi niretzat

The Best of Darkness dantza emanaldiko irudi bat. JONATAN GRETARSSON.
Agus Perez.
2019ko abenduaren 3a
00:00
Entzun

'The Best of Darkness'

Konpainia: Iceland Dance Company. Koreografia: Erna Omarsdottir, dantzarien kolaborazioarekin.Zuzendaritza: Kata Ingva.Musika eta soinua: Sigur Ros, Vladimir Johannsson. Argiak: Bjorn Bergsteinn Gudmundsson. Panpinak: Gabriela Fridriksdottir. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Azaroak 29.

Sinistu ezinik eta suminduta nator etxera lerrook idaztera Arriaga antzokian Islandiako Iceland Dance konpainiaren pieza ikusi ostean.

Oso era mortuan hasi da dena, iluntasun ia erabatekoan eta eszenaren erdian gorputz multzo bat behegainean botata ikusten zela. «Txarto hasi gara», esan diot neure buruari. Are gehiago gorputz multzoaren balizko mugimenduren bat antzemateko hamar minutu luze behar izan direnean. Beharbada, lehenago ere hasi dira mugimenduak, baina argiek ez zuten lar laguntzen, eta dantzari denek zeukaten gorputz osoa —aurpegia barne— maillot grisekin estalita. Soinu erdi teluriko erdi atmosferiko batek girotu du eszena, eta esku-programan irakurri dut Sigur Ros egon dela hustasun eszenikoa girotu nahi eta ezinean, Vladimar Johannssonen soinu-eremuak ia ezerezean utzi duelako islandiar kultu-bandaren ahalegina.

Handik ordu laurdenera jakin dugu ustezko dantzarien erdiak haien neurriko panpinak zirela—ordura arte ez da ezer nabarmenik gertatu—, eta orduan gogoratu naiz Asier Zabaletaren 2016ko Hariak dantza-lanarekin, dantzariak eta panpinak ederto nahasten zituena. Orduan, zer dela-eta ez da Ertza konpainia inoiz Arriagan programatu, eta bai, ordea, gaur jaso dugun betelana? Zabaleta gurea delako —eta, beraz, ezdeusa— eta Iceland Dance Eskandinaviatik etorri eta izenburua ingelesez dakarrelako? Gure kosmopaletismoak ez dauka mugarik.

Hasiera ezin pobreago horren ostean, desegin egin da giza multzoa eta bikoteka hasi dira behegainetik bueltak ematen. Orduan konturatu gara haietariko erdiak panpinak zirela, eta gorputzen mugimenduetan argi geratu da inertzia eta pisu guztiz desberdinak zirela haragizko eta trapuzko izakien artean. Bide batez esanda, esku-programan irakurri dugu panpina itxuragabe haiek —azal lodia behar da gero haien egiletza sinatzeko!— berrerabiliak zirela, jatorriz Transequania: into the Blue ikuskizunerako eginak zirelako. Zer gehiago eskatu?

Gero, panpinak sano egurtzen ibili dira tarte batez, Kataluniako boto-emaileak aurrean balituzte bezala, eta une jakin batean eszenatik joan dira dantzariak, ikusleok panpina grisen konpainia alaian utzita. Itzuli direnean, itxura normalagoa zuten —denek prakak eta maukarik gabeko elastikoak jantzita—, baina orduan hasi dira igelen modura korroka egiten, eta, haiek hamar minutuz horrela jardun ostean, ni joan egin naiz aretotik. Berrogeita hamar minutukoa zen emanaldia, eta bukaerarako bost minutu baino ez ziren geratzen, baina ordurako gehiegi zen niretzat koreografoaren eskandaluzko ideia falta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.