Kritika. Zinema

Gaztetu zaigu espioi zaharra

Gontzal Agote.
2012ko azaroaren 14a
00:00
Entzun
'Skyfall'

Zuzendaria: Sam Mendes. Aktoreak: Daniel Craig, Javier Bardem, Naomie Harris. Jatorria: Erresuma Batua.

Berrogeita hamar urte egin berritan, ezustean guztiz zaharberrituta agertu zaigu James Bond. Zinez harrigarria da herri kulturaren parte den pertsonaiak film batetik bestera izan duen aldaketa. Beharra izan, bazuen. Izan ere, argi zegoen ezin zuela iraganeko ospetik bizitzen segitu, zeharo garaiz kanpo gelditzen ari baitzen bere eredu old fashion-a.

Azken filmetako aktore berbera dugunez, argi dago meriturik handiena Sam Mendes zuzendariarena dela —ez osoa, halako ekoizpen erraldoi eta mediatikoetan ekoizleek zeresan handia izaten baitute—. Kontua da batzuek zein besteek pentsaezina zena lortu dutela: pertsonaia bide berrian jartzea, berezko dituen ezaugarriei uko egin behar izan gabe.

Zertan da diferente Bond hau? Zaila da galderari erantzutea, gehienbat oraindik ez baitakigu norantz eginen duen aurrerantzean. Argi dagoena da transatlantikoa mugitzen hasi dela eta Skyfall zubilana egin nahi duen film bat dela. Eta ez nolanahi, gainera. Iraganari etengabean begiratuko dio istorioak, inork ez baitu erabateko apurketarik nahi; zaleak ase behar dira: autoaren omenaldia, garai bateko pose dotore eta harroputza, gurasoen etxe abandonatua.

Baina Bondek zein ingurukoek jasoko duten mezua argia da: mundua aldatu egin da, eta tenorea da zuek ere aldatzeko. Ezin zarete ibili iragan mendean bezala herrialdez herrialde espioien atzetik. Formula hori bukatuta dago.

Hitzez gainera, froga garbia jasoko dute M16ko saurioek. Etxean eraso bortitz bat jasoko dute, molde berrian: ziberaso bat. Horregatik, Skyfall-en Bonden misioa ez da mundu kapitalista salbatzea; aski du bere burua babestearekin.

Pertsonaia nola, zinemagilea hala. Bond formula berritu behar dela argi du Mendesek. Mundua iraganekoa ez den bezala, zinemagintza ere asko aldatu da. Generoaren barruan, erreferentziarik hurbilen eta baliagarriena Jason Bourne da, eta, inolako konplexurik gabe, sail horrek duen onena bereganatzen saiatuko da Skyfall. Aspaldiko segurtasunak baztertuta, den espioi existentzial eta iparrik gabekoa hasi da izaten James Bond.

Oinarrien bila, pauso bat harago eman du Mendesek, eta Nolanen Batman ere eredu izan du Bond gizatiarrago bat egiteko orduan. Baita haren aurkaria ere, Heath Ledgeren Jokerren margorik gabeko klon bat dena.

Azken Bond ote? Argi dago ezetz; izatekotan, garai berriko lehen Bond da. Ziurtasun absoluturik gabeko munduan bere lekua aurkitu nahi duen gentleman galdua, espioi langabea. Berriro ere, pertsonaia garaikide bat, 50 urteko gazte bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.