KRITIKA. Musika

Gazteen egia

Arkaitz Mendoza.
2019ko martxoaren 12a
00:00
Entzun

Gustav Mahlergazte orkestra

Zuzendaria: Jonathan Nott. Abesbatza: Donostiako Orfeoia eta Orfeoi Txikia. Egitaraua: Gustav Mahlerren 3. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: Martxoak 7.

Gazteen egia gaur egungo gizarteak entzun beharko lukeen bizi-gida bilakatu da. Ziur aski heldutasunaren aztarnarik gabe, agian esperientziaren ibilbidean aukera gutxirekin, baina duda izpirik gabe, beren hitzetan eta ekintzetan pasioaren eta jakitearen gosea dira gure gazteak. Musikan eta, konkretuki, orkestraren esparruan, Gustav Mahler gazte orkestra sortu zen duela hiru hamarkada, Claudio Abbado maisuaren eskutik. Aitzindari izateaz gain, gaur egun munduan erreferentzia bilakatu da —hara hor Kursaal auditoriumean bildu zen gazte mordoa—, eta talentuarekin zein eguneroko lan zorrotzarekin lortu daitezkeen fruituak maila altuan iragartzen dituzte. Gainera, harro sentitzeko aukera genuen: Ane Agirre biola jotzaileak orkestra honetan parte hartzen du. Hezkuntza prozesuko irakasle onei, inguruneko sostengu bereziari eta norberak gauzatu beharreko eguneroko ikasketari talentua gehitzen badiegu, sekulako emaitza lor dezake gazte musikari batek.

Beren deitura omentzeko, Gustav Mahlerren sinfonia bat aukeratu zuten, hirugarrena, eta obra honetan gazteen egia, lañotasuna eta malgutasuna argi asko adierazi ziren musika eratzean. Maila altua, batez ere, tronboi eta tronpa bakarlariek erakutsi zuten, baina bikaintasuna lortzeko baliabide batzuk ez ziren guztiz tinko txertatu. Jonathan Nott zuzendariak Mahlerren musikan dakarren esperientzia txalogarria izan da gazte hauentzat, baina sinfoniaren pasarte batzuetan bateratasuna iheska ibili zen. Tronpeta jotzaile batentzat, sinfonia honen bakarkako pasartea zailtasun handiko ardura da, eta honakoan goiko notetan urduritasunak azaldu ziren, helduen orkestra askotan uxatzen ez diren urduritasun berberak. Donostiako Orfeoiko emakumeek eta txikiek energia iturri bereziarekin loreztatu zuten partitura, Orfeoi Txikiak bereziki. Mahlerren 2. Sinfonia-n bezala, mezzosopranoaren agerraldia beharrezkotzat sentitzen da, eta erronka honetan Elena Zhidkovaren ahotsa apropos sentitu zen. Orkestra kideen esaldi sormena eta melodia guztien esanahia garbi asko agertu zituen Nottek, kontzertuan entzundakoa intentzio osoz biribilduta zegoela begi bistan utziz. Gazteen egia, gizartearen begia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.