KRITIKA. Antzerki dokumentala

Gazte ginen gazte

Agus Perez.
2023ko martxoaren 18a
00:00
Entzun

'Mierda de ciudad'

Zuzendaritza eta dramaturgia: Olatz Gorrotxategi. Zuzendari laguntzailea: Marta Alvarez del Valle. Eszena mugimendua: Maitane Zalduegi. Musikaria: Joseba B. Lenoir. Argiak: Paco Trujillo.Ikus-entzunezkoak: Indi Costa. Antzezleak: Marta Alvarez del Valle, Olatz Gorrotxategi, Aritza Rodriguez. Lekua: Donostiako Antzoki Zaharra. Eguna: Martxoak 16.

Irakurle zaharrenek gogoratuko zutenez, Mierda de ciudad izan zen Kortatuk eman zuen lehen kantetariko bat. 1985eko LP hartan lau talde batu ziren hiruna kantarekin —Kortatu, Cicatriz, Jotakie eta Kontuz hi!— eta, kasualitatez, pasa den astean jarri genuen disko-jogailuan etxean. A aldea bakarrik jasan genuen, baina nahikoa eta sobera gure oraingo adina kontuan hartuta. Hala ere, zin egiten diot neure buruari B aldea ere entzungo dugula Bilbora bueltatutakoan, hautsak biniloa estali baino lehen. Diskoa entzutean Bonbi gure lagun minarekin akordatu ginen: berak ere fanzine bat argitaratzen zuen, Bonbilla deitzen zioten bere buruaren forma zela eta, eta heroinak akabatuta hil zen. Gure bihotzetan dago.

Eta barkatu jarraitzea, baina harira dator guztia. Desde la barandilla (Barandatik) deitu zen fanzine hura, eta izenburuarekin bakarrik antzeman zitekeen orduko auzo baztertu bateko gazteek espero zezaketen geroa: hondamendia eta desesperazioa besterik ez, punkien No Future eslogan famatuak hain ondo laburbildu zuen bezala.

Olatz Gorrotxategiren proposamenean bigarren frankismoaren amaieran eta hirugarrenaren hasierako urteetan —orduan demokrazia deitu zioten— izandako giro politiko gogorra, errebeldea eta iraultzailea jasotzen da, orduko Rock Radical Vasco izan zena azpikogaitzat hartuta. Egia esan, nik benetan espero, Ocho apellidos vascos edo Harri, orri, har bezalako produktu umiliagarri horietako bat espero nuen, baina hara non oso gauza zintzoa eta ideologikoki inoren zorduna ez dena aurkitu dudan.

Zeren eta emanaldian zehar Espainiako eta bertoko hedabideek interes handiz estalitako kontu asko azaleratu baitira: Gasteizko langile erailak, Itoizen aldeko borroka, Lemoizko zentralaren kontuak utzi zigun zapore gazi-gozoa, Gladys del Estalen erailketa koldarra... Xede horri begira, instalazio eran paratu da agertokia berez antzerki dokumentala denari erakargarritasuna eman nahian: Joseba B. Lenoir egon da ezkerreko aldean orduko abesti askori akonpainamendua ematen, zuzenean abestu dute taula gaineko hiru antzezleek, teknikariarekin ere izan dute elkarreragin antzeztua, bideo-proiekzio esanguratsuekin osatu da emankizuna, eta protagonista bereziak izan dira Comansi markako indio eta bakeroen figurekin zuzenean egindako diorama filmatuak.

Une batetik aurrera, ordea, Bilboko gaztetxearen hustuketa bortitzean zentratu da guztia, ordura arte denon interesekoa zena partikulartasunera eramanez, eta hirugarren atalean indarra galdu du guztiak, hiru protagonistak nostalgia edulkoratu batean murgildu direnean. Errekaldeko Kukutza gaztetxearen hustuketatik txintik ere ez, ordea —Iñaki Azkuna eta Rodolfo Ares negartien aroan setiopean egon zen hainbat egunez auzo osoa—. Eta, amaitzeko, aipatzekoa da Gorrotxategik lotailu-haustura bat izan duela emanaldia hasi baino lehen, eta aulki gurpildunean antzeztu behar izan duela. Txaloak bihotzetik berari eta konpainia osoari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.