KRITIKA. Artea

Gauzei beste modu batera begiratzen zaienean

Usoa Fullaondo artistak Zumaian zabaldu duen erakusketako pieza batzuk. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
2016ko azaroaren 8a
00:00
Entzun

Usoa Fullaondo



Erakusketa:Chándal.Noiz arte: Azaroaren 13ra arte.Non: Oxford aretoa, Zumaian.

Arrosa kolore pastel, kolore hori, gorri eta more bizien arteko kontrastez josirik, Chándal izenburupean aurkeztu du Usoa Fullaondok Zumaiako alondegi zaharrean bere azken erakusketa. Artista gaztearen azken urteetako ekoizpen lanak ikusteko aukera eskaintzen zaigu bertan.

Txandal hitzak badu berezitasun bat; izan ere, hitz honek bere baitan bi ertz ezberdin lotzeko gaitasuna du; bi ekintza ia antagonikori lotuz, era berean. Batetik, txandala, kirola egiteko arropatzat hartu izan dugu tradizionalki, eta, nahiz eta sofistikazio eta modak aurrera joan ahala egun ia inork ez dien txandala deitzen kirola egiteko erabiltzen ditugun jantziei, mendiko galtzak, edo korri egiteko kulotak izanik janzten ditugunak, eskolan, behintzat, soinketa egiterako garaian, oraindik ere ikasleek txandala janzten jarraitzen dute. Bestetik, txandala, arropen artean erosoenetarikoa izanik, etxekotasunarekin ere lotzen da, etxean egotearekin, etxeko goxotasun eta egunerokotasunarekin; txandala maiz etxean egoteko arropa gisa ere erabiltzen baitugu. Eta, hain zuzen ere, bi kontzeptu horiek dira erakusketa honetan Fullaondok bere proposamenaren bidez lotzen edo elkartzen dituenak: egunerokotasuna, etxearen barruan, eta, kirolari loturik, kanpoko ingurunearen ezagutza.

Post-Interneten joerari lotzen zaion estetika baten bidez, artistak kirola egiteko asmoz, korrika, etxetik hasi eta Bizkaiko kosta inguruetan barrena egindako ibilbideetan ikusi, sentitu, erabili eta topatzen zituen gauzen inguruko erlazio eta loturak —zenbaitetan ia harrigarriak- aurkeztu ditu: limoi horiak, lore arrosak, arkatzak, koloretako gortinak, usain gozoko kafe ale txigortuak… Denak, esan bezala, egunerokotasunaren barruan, etxeko hainbat txokotan, edo inguruko paisaia eta natura-inguruneetan gertu topa ditzakegun objektuak; objektu funtzionalak, topatzeko errazak, beharrezkoak gehienetan, erosoak; eguneroko gauzak dira.

Objektu horiek, ordea, erakusketa gela honetan aurkezturik, ez dute jada funtzionaltasun izpirik mantentzen beren ezaugarrien artean, ez gertutasun edo gozotasunik transmititzen ere. Bat-batean, objektuak arrotz bilakatzen dira, eta, nahiz eta bakoitza bere indibidualtasunean identifikatzeko gai garen -alegia, limoia limoi dela, eta txoria berriz txori-, gauza horiek jada ez dute bizi printzarik. Objektu hotzak dira, disekatuak, ia plastikozkoak dirudite, gezurrezkoak: objektuen irudikapenak dira, objektu ezberdinen artean sortzen diren erlazioen arteko kontzeptualizazioak.

Honela, arkatzak eta kafea ez dira arkatz edo kafe ale soilak. Artistak erabakitako ordena jakin eta guztiz ortogonaletan aurkezturik, objektu horiek guztiek lokailu gisa funtzionatzen dute, batez ere lurrean, aretoaren erdi-erdian topa daitekeen instalazioan; hain zuzen ere, badirudi artistak etxekotasunean eta bere korrikaldietan topaturiko kanpoko lekuen edo natura zatien konexio-bide direla. Instalazioaren atzean, limoi eta botila artean esekitako gortina ere ez da gortina hutsa; mezu eta joko ironikoz dekoraturiko estanpazioz beteriko horma bilakaturik, barne eta kanpoaldekoa izan daitekeenaren muga dirudi aretoko alde batean jarririk, eta gertu, berriz, zementuzko pieza pare bat, zut, kolore grisa galduta, zelaietako loreen arrosa eta more koloreez tindatu ostean.

Egunerokotasuneko objektu horien kontzeptualizaziorako bidearen pautak, berriz, erakusketaren hasieran topa daitekeen liburuak bermatzen ditu: Un atletismo afectivo izenekoak. Proiektua osotasunean aurkezten du artistak liburu horretan; proiektuari berari loturiko beste zenbait pieza, eta baita beste hainbat argazki eta lerro-zertzelada ere irakur daitezke; begiradatxo bat botaz, elementu horiek laguntzen dute erakusketaren konposizio joko eta objektuek hartzen duten maila ia sinbolikoa ere deszifratzen.

Kafe ale eta arkatz labirintikoek loturiko egitura geometriko zuri paisaia zapaltzaileak; arrosa arrosa, eta limoi eta limonada horiak, kolorezko bitsak eta belar berde eta txoriak ere bai, tartean. Objektu eta izaki horiez hornituriko pintura, instalazio, eskultura eta argazkiek freskotasunez beteriko erakusketa osatzen dute. Hain normal eta ohiko izanagatik, egunerokoan arretarik jartzen ez diegun objektu horiei, maiz, gu ohartu gabe, edo oharkabean, harreman sortzaile diren horiei, edo harremanen lekuko diren horiei, beste begirada batez begiratzeko aukera bermatzen duen erakusketa da honako hau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.