Euskadiko Orkestra Sinfonikoa
Zuzendaria: Christian Lindberg. Egitaraua: L. Bernsteinen On the waterfront, C. Lindbergen The tale of Kundraan eta J. Sibeliusen 3. Sinfonia. Lekua: Donostiako Kursaal auditoriuma. Eguna: azaroak 9.
Zuzeneko kontzertuek musikariak entzuteko eta ikusteko balio dute. Entzun bakarrik egin nahi badugu, etxean gera gaitezke, kalitatezko soinugailu bat martxan jarri eta gustuko ditugun interpretazioez gozatuz. Baina kontzertu batean musika ikusi ere egiten da, eta honako hau Euskadiko Orkestrak azkenaldian eskaini duen kontzerturik ikusgarriena izan da, Christian Lindberg tronboi jotzaile maisuaren erakustaldia dela medio. Hiru obra, hiru alkandora ezberdin; hiru musikagile, Leonard Bernstein omentzeko desiotan, Jean Sibelius lekuz kanpoko astakerian eta Lindberg beraren musika faustikoa elezahar harrigarri batean irudikatuta. Tronboian, aitzindari eta maisu dugu suediarra, instrumentu hori bakarlari erara entzuteko aurrerapausoa eman zuen lehen musikaria izan daitekeelako, baina bestelako funtzioetan, interesik gabeko emaitza lortzen du.
Bernsteinen jaiotzaren mendeurrena omendu nahi izan du EOSek Lindberg gonbidatuz; orkestrak jakingo du zeintzuk izan diren erabaki horren arrazoiak; entzundakoa baloratuz, orkestra lau eta adeitsu, eta podiumean, teknikarik gabe baina gogo askorekin, protagonista. Ikusmena lantzeko, entretenigarria; entzuteko, tronpa eta klarinete bakarlari berrien maila neurtzeko balio izan du kontzertuak. Adrian Garcia eta Luis Camara fitxaketa bikainak izan dira, ea luzaroan orkestran geratzeko energia mantentzen duten, batez ere klarineteak, arnasa berria txertatu baitio haize-egur sendiari. Lindbergen obran, egilea tronboia jotzen, testu bat errezitatzen eta esku batekin gutxi gorabehera orkestraren pultsua mantentzen ikusi genuen; eta erakustaldi hori nahikoa izan zen ikusgarritasunari pisua gehitzeko.
Atsedenaldi osteko Sibeliusen3. Sinfonia norabiderik gabe zuzendu zuen, ez genekien non zeuden partituraren unerik azpimarragarrienak; notak jendartera dotoreziarekin jaurti ziren, baina inongo kohesio edo egitura trinko sendorik ikusarazi gabe. Andantino con moto pasartean, zatituegia izan zen pultsu adierazpena, musikariei jariakor arnasten utzi gabe. Zuzendari eza nabarmentzean, bakoitzak bere atriletik ahal zuen hoberen deskribatu zuen musika; honela, Birgit Kolar kontzertinoaren zuzendaritza eskertzekoa izan zen. Laburbilduz, entzun baino gehiago ikusi egin behar zen kontzertua izan da denboraldiko bigarren hau.