KRITIKA. Gasteizko Jazzaldia

Gasteiztar bat 40. urteurrenean

2016ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Konexioa: Pablo Martin Caminero eta Chris Cheek / Bryant Jones & Victory Gospel Singers

Lekuak: Principal antzokia eta Mendizorrotza kiroldegia. Eguna: Uztailaren 12a.

Gasteiztar batek hasiera eman zion Jazzaldiari: Pablo Martin Caminero kontrabaxu jotzaileak. Aurten, 40. urteurrena ospatzen dugu, eta, ohi bezala, lehenengo ekitaldian, Principal Antzokian egiten den XXI. Mendeko Jazza atalaren barruan, Konexioa izenarekin sortutako asmakizunaren barruan, euskal jatorriko jotzaile bat kanpoko musikari batekin batera jotzera jarri dute. Pentsatzen dugu hori egin nahi izan dela hemengo musikariek Jazzaldian parte hartzea bultzatzeko, nolabait.

Hala ere, Pablo Martin Caminero ez da musika honetan jaio berria, jazza flamenkoarekin eta beste ahaireekin dotore uztaeko gauza izan den eta ibilbide luzea eginda duen musikaria baizik. Hori adierazten dute orain arte bere izenarekin argitaratutako hiru disko erakargarriak: Doméstica, El Caminero eta OFNI (Objeto Flamenco No Identificado). Hain zuzen ere, azken horretan argitaratutako bi abestirekin, Trece de la suerte eta Soleá de Gasteiz-ekin hasi zuen ekitaldia. Ez nintzateke ausartuko hasiera hotza izan zela esatera, baina ez zuen eman musikari gasteiztarrari igarri ahal zaion indar osoa. Nik ekitaldiaren formatuari leporatuko nioke errua. Dudarik gabe, Pablo Martin Caminerok behar zuen, eta behar du, ekitaldi propioa Jazzaldi honetan.

Hasierako bi abesti horien ondoren, erritmo gogor eta erakargarriz hornituak biak, Chris Cheek saxo jotzaile estatubatuarrak jorraturiko hiru abesti jo zituzten (Panels, Lunar eta Cargols); jazz formal eta hotz batez inspiratuak. Hortik aurrera, zorionez, artista gasteiztarrak ulertu zuen berak hartu behar zuela kontzertuaren buruzagitza eta bere taldearen laguntzarekin (Albert Sanz maisua pianoan eta Borja Berrueta baterian) lanari ekin zion. Sanz da egun Espainian jotzen ari direnetako piano jotzaile interesgarrienetarikoa. Hala aitortu zuen, bada, Al Foster bateria jotzaileak harekin O qué será lan goxoa grabatu zuenean eta ados nago erabat.

Sanzek idatzitako Bird's eye polita jo ondoren Martin Caminerok arratsaldea lehertu zuen bere Trianako reggaetoi-arekin Trianatrón abestiarekin, zorionez musika estilo horrekin zerikusirik ez duena. Horretan, kontrabaxuak eta bateriak konplizitatez beteriko jolas erritmikoa sortu zuten, pianoaren oinarri harmonikoaren sostenguarekin, Chris Cheek saxo jotzailea galduta zebilen bitartean. Bikaina aurtengo Jazzaldiaren hasiera, Javier Colina maisuari eskainita Caminerok idatzitako abestiarekin borobildu zuena.

Zorioneko gospela

Bryant Jones eta berak zuzenduriko The Victory Gospel Singers taldea aritu ziren iluntzean Mendizorrotzan Jazzaldi helduari hasiera eman ohi dion gospel kontzertuan. Sei ahots (baritonoa, bi soprano, bi alto eta tenorra) eta piano batek osatutako talde honen jatorria Changes mezetarako abesbatzan dago, 25 kidek osatzen zutena igandeetako ospakizun erlijiosoak lagundu eta alaitzeko asmatutakoa.

Izan ere, urtero harritzen nau jazzaldian ekitaldi klasikoa bihurtu den gospel gauak gasteiztarren artean lortu duen arrakastak. Egia da Jazzaldiko ekitaldi merkeena dela, 15 euro, baina ez dut uste hori denik beste egunetan erdi hutsik geratzen diren Mendizorrotzako aulkiak betetzeko arrazoi bakarra. Gasteiztarren tradizionalismoa izango ote da? Ez dakit, ikertzen jarraituko dut. Bitartean, zer esan dezakegu ondo entrenatutako eta sutsu gidatutako sei ahots beltzen ekitaldiaren inguruan? Bada, abeslari hauek ondo baino hobeto dakitela egiten euren lana eta badakitela ikusleen desioak asetzen.

Txaloz eta dantzaz beteriko ekitaldia izan zen. Ikusleek disfrutatu zutena. Bryant Jonesek serio hartu bere papera eta ikusleak altxarazi zituen behin eta berriro Chicagon ospatutako meza batean balira bezala. Ordu eta erdiko saioa egin ondoren, managerrak taldearen zuzendariari gogorarazi zion atsedenaldi bat egin behar zutela. Hori egin eta itzuli zirenerako ikusleek haria galduta zuten erabat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.