Saioa Garinek, ohikoa duen bezala, zarata handirik egin gabe kaleratu du Ateak (Egilea editore, 2019), hirugarren disko luzea. Oraingoz, formatu digitalean, Bandcamp plataforman baino eskuratu ezin dena. Ez dirudi gehiegikeria esatea euskal kantugintzan oin puntetan dabilela. Sei urtetik behin kaleratzen dituen diskoek argi pixka bat zabaldu, agertu eta berriro desagertzen baita, nonbaiteko sutondoan, etorri bezala, oihartzun handirik gabe. Atzean, berriz, ahots hautsiarekin kontatutako istorio txiki, intimo, gordinen sorta bat uzten du kantu bihurtuta, eta gero joan egiten da. Denbora igarotzen da tartean, eta luzea, luzeegia, ia eternala gertatuko zaio tartea belarri fina duen entzuleari. Baina etsipenik ez; noizbaiteko udazkenarekin, ezin beste moduren batera izan, neguaren atarian, itzuliko baita Saioa, larrua kizkurtuko dizun beste kantu-sorta bat besazpian, eta dozena bat aukera berri edukiko duzu barrura begiratzeko.
Azkar sumatuko diozu iritsi dela, Legorretakoak oso estilo jakina baitu, batik bat kantaeran, baina baita kantuak egiterakoan ere. Ez, ez da oso akademikoa haren kantatzeko modua; afinazioaren erabilera, adibidez, ez da oso ortodoxoa. Batzuetan kantatzea bera kosta egiten zaiola dirudi; beste batzuetan, ordea, indar izugarri bat sumatzen duzu borborka, tonuari maila bat gehitu eta ahotsa igotzen duenean. Bai, garrasi egiteko oso modu berezkoa du Saioak, sotila baina indartsua.
Kantuetan, berriz, melodia ederrak eraikitzen ditu, zuzenak. Sinpleak eta hauskorrak dirudite, baina ez utziengaina zaitzan,zubi bikaina baitira Saioa kantu-idazlearen poetika argiarentzat, itxurakeria eta amarru gabearentzat. Alor horretan ere lan ederra egiten baitu musikariak. Adibideak ez dira falta disko honetan: Konturatu Gabe-ren lelo melodikoa, edo Oihukatzen Du-k hartzen duen letania kutsua, edo bals erritmoan doan Biziminaren bukaera-n errepikatzen den «bizitza motza baita hegoak ximurtzen uzteko» hori, edo Gau Bat kantuaren melodia puska...
Disko biluzia da, baina honetan ere ez zaitzala itxurak engaina, kantuen moldaketak detailez beteta baitaude. Joseba Irazokik eta Felix Buffek bikain erakusten dute badakitela bere trebezia eta maisutasuna kantuaren mesedetan jartzen eta ez alderantziz. Ia-ia edozein generorekin molda daitezke, eta bikain inguratzen dira, batez ere Berako multi-instrumentista, Saioaren giro, mundu, esparru jakin horretara, diskoa jantziz, josiz... Irudikatu beharko dugu beste sei urte beharko ditugula hurrengorako; beraz, poliki dastatu, Saioaren diskoak ez baitira azkar entzutekoak.
Musika. Saioa Garin 'Atea'
Garrasi egiteko modu berezkoa
Diskoetxea: Egilea editore.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu