Kritika. Musika. Donostiako 47. Jazzaldia

Garaikidea eta klasikoa

2012ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Hasier Oleaga eta 'An Evening with Two Pianos'

Lekua: Trinitate plaza.

Eguna: uztailak 22.

Gutxitan espero dugu bateria jotzaile batek musika idatziko duenik, konposatuko duenik, baina Hasier Oleaga jauna moldeak haustera etorri da, eta erakutsi digu baduela beste tresnen ezagutza sakona —saxoarena, pianoarena, kontrabaxuarena...—. Eta are gehiago erakutsi digu: berak maite dituen musikari lagunen jotzeko era sakonki ezagutzen duela. Eurentzako idatzi du musika: Iñaki Salvador, Mikel Andueza, Jon Piris eta Julen Izarrarentzat. Bere taldearentzat, alegia.

Eta emaitza bikaina izan da. Lasai, sendo eraman gaituzte giro pertsonal horien inguruetara. Bidaia dotore eta oso orekatua izan da. Jotzaileak irmo eta, era berean, fin jardun dira.

Konposaketek eskaini digute musika ederra, garaikidea, heldua, jostagarria, sotila, une askotan cantabile zirudiena.

Salvador askatasun handiarekin sumatu dut, bai pianoarekin eta baita teklatuarekin ere. Andueza, bikain. Iruditu zait Oleagaren asmoak eta Anduezaren doinuak bat zetozela. Iruditu zait gutxitan amestu daitekeen sinbiosi horietako bat ikusten ari ginela. Iruditu zait. Saxoen duoa Izarrarekin batera zoragarria, eta Julenen tenorra sendoa, detaile ñimiñoz josia. Jon Piris kontrabaxuarekin dotore baino dotoreago. Zoragarri, Hasier; jarraitu horrela, Oleaga jauna, horrelako lagun bikainez inguratua eta horrelako musika zoragarria egiten. Cantus jarraitu horrelako talde (Caterva) batekin.

Klasikoa

An Evenning with Two Pianos izenburua du kontzertu honek; Beraz, bi piano eta lau piano jotzaile. Ez da ohikoa, edo behintzat nik ez dut sekula ikusi, ala entzun, zortzi eskutarako piano kontzerturik. Hasiera batean, lehen begiratuan, zera iruditu zitzaidan: lau agure bere bi jostailu erraldoien inguruan eserita musika egiten aulkien jokoa egiten duten bitartean. Baina ondo begiratu ondoren, ala ondo entzun ondoren, jabetu naiz agureak ez direla hain agure, jostailuak bi piano izugarri direla eta jolas horrek pianoaren eta jazzaren historiaren ezagutza ondo baino hobeto menderatzea eskatzen duela. Beraz, jolasa arriskutsua ez bada ere, ez dago edozeinen eskuetan jartzerik. Horrelako jolas arriskutsuak egin ditzaketenak lau musikari maisu hauek dira: Kenny Barron jauna, Mulgrew Miller eta Eric Reed estatubatuarrak eta Dado Moroni italiarra. Gau honetan egun jazz klasikoa deiturikoa entzun dugu sekulako jarioarekin, eta hemen protagonista nabarmen bat, Theloniusen konposaketa bikainak, eta, are gehiago, Monk piano jotzailearen pianoarentzat konposatutako musika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.