Literatura. 'Neguko argiak'

Galeraren osteko paisaiak

Idazlea: Irati Elorrieta. Argitaletxea: Pamiela

PERU IPARRAGIRRE
2018ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Denbora nahikoz irakinez gero bigundu egiten direla, horixe erantzuten du Neguko argiak eleberriko protagonistetako batek sustraiei zer irizten dien galdetzen diotenean. Irati Elorrietaren bigarren eleberria da Neguko argiak, narrazioz osatutako Burbuilak (Alberdania, 2008) nobela argitaratu zuenetik hamar urte igarotakoan plazaratu duena. Erraza da bi liburuon arteko zubiak eraikitzea, antzekoak baitituzte koordenatu orokorrak. Irakurtzen hastean lehen liburuko pertsonaiak bigarrenaren orrietan topatu arren, agudo geratu dira atzean. Espazioa hartzen eta betetzen duen nobela da Neguko argiak.

Burbuilak-en dagoeneko bereiz zitekeen ahots propioari heldu dio honetan ere Elorrietak, nahiz eta helduagoa delako irudipena izan dudan; garatuagoa, landuagoa, agian. Testua bera luzeagoa izateak eta narrazioaren konplexutasunak ere elikatuko dute, ziurrenik, irudipen hori. Ederki eraikitako eleberria da hau, pertsonaia-sare edo -baso zabala duena oinarri sendo gisa. Erreferentzia geografiko, historiko eta biografiko bilduma bat du argamasa nobelak, kontakizuna eta pertsonaiak historian kokatzeaz gain, irakurleari gutxika ezagun egingo zaizkion paisaiak, hiriak, kaleak, etxeak eta gelak erakusten dizkiona. Haietan haragiztatzen dira pertsonaiak, eta haietan garatzen, haiekin batera eraldatzen.

Irudiak garrantzitsuak dira Elorrietaren idazkeran; zinematografikoa iruditu zait. Keinuek, begiradek eta elkarrizketek pisu handia dute. Era berean, inguruen, paisaien eta uneen deskribapen zehatzek ere kokatzen dituzte eleberria osatzen duten eszenak. Berrogeita lau atal edo eszena nagusitan banatuta dago liburua.

Nobelaz idazten hasi, eta hitz bat etorri zait burura, sare sozial digitalen garaiotako literaturaren erakusgarria dena: fragmentarioa (zatikatu edo zatikakoa zuzentzen dit hiztegiak). Zentzu batean iruditzen zait zatikakoa Neguko argiak, atal ez oso luzeek eta pertsonaia desberdinen ikuspuntuek zatika osatzen baitute kontakizuna, baina nobela osoa da polifonikoa, eta ahotsen askotarikotasun horretan du osotasuna. Ez da, beharbada, uste bezain zatikakoa. Memoriak zatika itzultzen dizkigu oroitzapenak eta eleberriko pertsonaiek memoriarekin duten harremanak ere izango du kontakizuna zatikatuta ikusteko orduan eraginik.

Ez nuke zeri buruzko eleberria den laburtzen jakingo. Berlineratu diren hainbat lagunen harremanak erakusten ditu Elorrietak, haien arteko maitasuna eta haserrea, desira eta gorrotoa, baina badut irudipena haiek guztiek galera bizitzeko eta gainditzeko duten manerarekin lotuta dagoela bizitza ikusteko eta elkarrekin egoteko duten modua, sakonean horrek definitzen dituela pertsonaiak eta hortik eraikitzen dutela euren identitatea. Guztiek dituzte sustraiak, egosi eta biguntzen badituzte ere; baina guztiek dute mamuren bat, pentsamendu ustez aberrigabeetan infiltratzen zaiena. Aipagarria da nola Añesek alboan daroan mamua den irakurlearentzat Añesen iraganaren bidez bere oraina ulertzeko zirrikitu.

Galerari aurre eginez aurrera egiten duen nobela dela esango nuke, hausturari zentzua eman eta historian euren lekua bilatzen dutelarik pertsonaiek, aurrera egiteko moduak askotarikoak izan daitezkeen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.