KRITIKA. Artea

Galduta

Susan Ciancioloren erakusketa, Donostiako Cibrian galerian. GORKA RUBIO / FOKU.
2022ko urriaren 18a
00:00
Entzun

Susan Cianciolo.

Non: Cibrian galerian, Donostian. Noiz arte: Abenduaren 22ra arte.

Galduta. Hala sentitu nintzen hasieran behintzat. Sorpresa hutsa izan zen erakusketa. Cibrian galeriako web orrian begiratu nuen bertaratu aurretik, eta kuriositate handia sortu zidan bertan ikusitakoak. Normalean martxan dagoen erakusketaren argazkiak ipintzen dituzte, bisitari birtualek areto fisikoan dagoenaren ideia bat egin dezaten. Oraingoan, berriz, web orrian dagoen informazioa minimoa da, zerbait esatearren. Ez dago aretoko argazkirik. Erakusketaren izenburua ageri da: This exhibition is made for a New dawn, New earth, and New solar system. Erakusketan parte hartzen duen artistaren izena jarraian: Susan Cianciolo —beraz, banakako erakusketa da—. Eta azpian, inaugurazioko data: 29.09.2022.

Dena den, web orriko protagonismoa argazki batek hartzen du. Hondo zuriaren gainean nagusitzen da, kromatismoz zein tamainaz: baso eder baten argazkia da, belar gozoaren gainean udaberriko eguzki printzak hostoen artetik igarotzen dira, argi-itzalezko olatuak eginez. Eta hostoen artetik zeru urdina antzematen da. Paisaiaren baretasuna eta lasaitasuna bere onetik ateratzen duten elementu diskordante batzuk ere badira. Argiari denbora luzez zuzenean begiratzeak bistan sorrarazten dituen biribilgune koloretsu eta deserosoak, batetik: zuzenean ari ote gara, bada, paisaiari begira? Eta hauen azpian, halako oihal edo bandera itxurako objektu bat, airean, hegan.

Hau ikusita, eta izenburua irakurrita —egunsenti berria, Lur berria, eguzki sistema berria—, natura errotzat hartutako proposamena izango zela pentsatuz hurbildu nintzen galeriara. Eta, aipatu bezala, han hartu nuen sorpresa eta ustekabekoa; naturara hurbilarazten zuten elementu bakarrak erakustareto erdian zegoen mahai gaineko loreontzietako loreak ziren, itxuraz.

Erakusketa konplexua da, bereziki, erakusketa aretoan dagoena ulertzeko gako askorik gabe topatzen delako bisitaria. Cianciolo, artista izateaz gain, sendalaria eta arropa diseinatzailea dela jakiteak mostraren irakurketan laguntzen du, baina gehiegi ere ez —esan dezagun egia—. Inaugurazio egunean meditazio saio bat ere gidatu omen zuen, eta saioan erabilitako materiala aretoan gelditu zen erakusketaren zati gisa.

Saioan parte hartzea esperientzia aberasgarria izango zen seguruenik, eta agian aretoa inguratzen zuten artelanek zentzu gehiago ere hartuko zuten parte hartzaileentzat. Baina, hartaz deus ere jakin gabe sartzen den bisitariak, berriz, zer den aztarna eta zer artelana ezberdintzeko zailtasunak izango ditu; bakoitza nola irakurria izan behar den jakitekoa. Lurrean dauden kartoizko kaxak ireki al daitezke, edo bere horretan behatzekoak dira? —Ezberdina baita, oso, bata ala bestea izan— Edo, aretoaren erdian dagoen mahaia saioan erabilitakoa al da? Hala bada, erabiltzen jarrai daiteke, ala izaera objektual hutsa du?

Erakusketari sarrera ematen dion bideoak ere ez dio ekarpen handiegirik egiten ondoren areto nagusian topatzen denari: bertako irudien estetika asko urruntzen da artistaren beste lanetatik, eta haren helburua soilik artistaren diseinu lanak erakustea dela dirudi, horretarako narrazio sasierromantiko bat aitzakiatzat hartuta. Artistak lantzen dituen diziplina anitzak azaleratzea balitz bideoa aurkeztearen helburua, bere arropak erakusgai ipintzea interesgarriagoa zatekeen.

Proposamena nahasgarria eta konplexua den arren, aipamena merezi duten lanak ere badira ikusgai, bereziki, aretoaren alde batean eskultura izaera hartu duten bi ohatila, eta aretoko horma nagusian zintzilikatutako oihalezko bi lanak. Azken hauetako bat, web orriko argazkian hegan, airean, agertzen zen hura da. Eguzki izpiek berde ilunari kolorea jan diote modu estrategiko batean, eta urdinez margotu diote gainazala. Artistak jarraipena eman dio naturak hasitako lanari, patchwork-ezko istorio eta une berriak gehituz: josiz, edo kateorratzen bidez lotuz. Azkenean, kostata, baina erakusketan natura topatzea lortu dut.

«Life is art», aldarrikatzen du Cianciolok bere lanetako batean, eta hor datza natura. Natura bere bizitzaren zati da, familia eta maitasuna bezala, eta hauekin guztiekin duen harremanaren ondorio dira bere lanak; lan guztiak, izan artista gisara burutzen dituenak, baina baita arropa diseinatzaile eta sendatzaile gisara egiten dituenak ere. Eta hor datza bere egitekoaren berezitasun eta interesa; zoritxarrez, erakusketa honetan topatzea zail bilakatzen dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.