'Hotza bazkatzen'

Galderak bazkatzen

Idazlea: Izaskun Igoa. Argitaletxea: Balea Zuria.

Irati Majuelo.
2022ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
Izaskun Igoa Jaimerenak irabazi zuen Donostia Kulturaren bosgarren saria, eta haren emaitza da Hotza bazkatzen, Balea Zuriak argitaratu berri duen poesia liburua. Ez da hori Igoak jasotzen duen lehendabiziko aitortza, baina bai, ordea, irakurleak duen lehenengo aukera idazlearen lan propio bat esku artean edukitzeko.

Hamar galderak egituratzen dute liburua, galdera bana kapituluko. Baina ez dute erantzun bakarra azaleratzen. Izan ere, galdera zabalak hartzen ditu idazleak abiapuntutzat, kutsu existentzialista nabarmena dutenak, eta, beraz, askotariko erantzunak jaso ditzaketenak. Horiei tiraka ontzen dira atal bakoitzeko poemak, baina ez dira hertsiki itaunei lotzen, eta, beraz, harri bat uretara bota ostean sortzen diren olatuen gisara funtzionatzen dute, batzuk lehen erreplikatik gertu, beste asko ardatzetik urrun. Hots, erantzunak baino gehiago, hausnarketa solteak aurki daitezke poemotan bilduta, txinparta batetik sortutako ideiak, batetik besterako loturak hari fin batek josten dituelarik. Kaosa du gaietako bat liburuak, eta egituraketan ere kaos puntu hori sumatzen da. Belarra bazkatzen duten abereen gisara, galderak gogoeta bilakatu arte murtxikatu ditu Igoak, hozkatu, itzulikatu, txikitu... ia galdera bera desegin arte.

Hala, gai ugari lantzen ditu idazleak hamar ataletan zehar, galdera desberdinei erantzun arren, elkarren artean harremandurik agertzen direnak. Bilduma osoan nabarmentzen da ni poetiko indartsu bat, barne munduari behako kritiko zorrotza ematen diona, eta norberaren baitan gordetzen diren nitasun desberdinei zuzentzen zaiona. Ahots horren bidez mahai gainean jartzen ditu geure buruei begiratzean sortzen ditugun auto-engainuak, tranpak eta berekoikeria, inertziei estilo zuzen eta gordinean aurre eginez. Halaber, ahots horren tonuari jarraikiz azaleratzen dira gainerako gaiak ere, ikusarazten dituztenak egungo bizi-erritmoaren eta naturaren denboraren arteko talkak, kontsumismoaren zentzugabekeria, behar ez ditugun behar faltsuek sortzen duten antsietatea edota pentsamendu eta jokaeren homogeneizazioa, besteak beste.

Hori dela eta, ez dira urriak natura, denbora edota distantziarekin erlazionatutako elementuak, poema-bildumako irudi, metafora eta sinbolo gehienak horietan oinarritzen baitira. Horien artean, aireak garrantzi berezia hartzen du liburu osoan, eta batik bat arnasak, haren bidez barne munduaren eta kanpoko errealitatearen lotura eta talka adierazten baititu idazleak. Sarri arnasestu edo itolarri sentsazioen bidez islatzen da ideia hori: «Sartu dut airea/ arnasa hartu nahian./ [...] Irentsi dut,/ hartu dut airezkoa den dena,/ arnasa izan ezik».

Honenbestez, esan daiteke proposamen originala aurkeztu duela Igoak, barne mundu indartsu eta zorrotza erakusten duena, baita idazketarako gaitasun aske eta freskoa ere. Anbiguetaterik gabe mintzo da lehen liburu hau, hizkera zuzen eta katramilatu gabean, galdera abstraktuegiak gerta zitezkeenei ihardespen pertsonal eta ausartak bideratu dizkiena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.