KRITIKA. Artea

Gainazalen irakurketak

Katinka Bockek erakusketan jarri duen lanetako bat. CEBRIAN GALERIA.
2021eko abenduaren 7a
00:00
Entzun

'Segment With Unknown Radius'



Artista: Katinka Bock. Lekua: Donostiako Cibrian galeria. Noiz arte: 2022ko otsailaren 12ra arte.

Komisarioek eta museoetako zuzendariek erakusketetarako artisten zerrendak burutzean maiz pentsatzen duten kontua izan ohi da ea artista horien lanak gertuko testuinguruan aspaldi edo inoiz erakutsiak izan ote diren —bereziki, atzerriko artistei dagokienez—. Logikoa izan daiteke joera hau; bestela beti artista berberen proiektuak eta lan berdintsuak ikusteko arriskua legokeelako, eta gauza berriak eta freskoak ikustea denontzat delako atsegina eta aberasgarria. Dena den, ez da beti erraza izaten beste hiriburuetara biltzea bertako espazioetako erakusketa guztiak ikusi ahal izateko. Eta kasu honetan, adibidez, hori dela-eta eskertu dut Donostiako Cibrian galerian proposatzen duten Katinka Bock artistaren banakako erakusketa. Orain dela hilabete gutxi gorabehera itxi zen Artiumen egin zioten bakarkakoa, eta hura ikusteko aukerarik ez nuen izan. Donostiakoak, Segment With Unknown Radius izenekoak, txikiagoa eta aurreko erakusketaren parte izan ez ziren piezez egituratuak, eskuera egonik, bere lana ezagutzeko aukera eman dit.

Itsasoa, animaliak, intxaurrak, geruzak, gainazalak, espazioak eta lekuak. Katinka Bockek Artiumeko erakusketaren harira eta dirudienez pandemiak eraginda, egonaldi bat baino gehiago egin zuen Euskal Herrian, eta Donostia eta Pasaia inguruetan sarri ibili zen. Maiz, testuinguru, espazio, leku, lurralde eta ingurunearekin zuzenean lotutako proiektuak egiten ditu artistak, eta, Euskal Herriaren kasuan, bai Artiumen bai Cibrian galerian—honako hau aurrekoaren jarraipentzat uler daitekeela esan baitaiteke— euskal kostaldeari eta itsasoari begira jarri da. Erakusketari hasiera ematen dioten For Your Eyes eta Stereo Island lanek iradokitzen duten moduan, betaurrekoak janzten laguntzen digu Bockek, eskura eta gertukoak ditugun material, izaki, gizaki eta elementu naturalek gainazal ezberdinetan eta guregan uzten dituzten aztarna horiei arretaz begiratzeko. Kasu honetan, hemengo aztarnei: kresalak metalaren gainean sortzen dituen degradaziozko marka ederrak, edo oihalezko geruzen gainetan eguzki izpien zuzeneko proiekzioek sortzen dituzten kolore jateak. Horrelakoxeak dira aztarnak.

Gainazal hauek —zahartzat jotzen direnak, edo hondatutzat, zikintzat bestela—, balio gehituko objektu gisara aurkezten zaizkigu aretoan. Beraien gainazaletan denboraren igarotzea izkiriatuta duten objektuak dira, leku eta testuinguru zehatz bati lotuta daudenak, eta leku eta une haiez hitz egiten digutenak. Memoriadun gainazalak dira guztiak, sentsazioak eta esperientziak transmititzen dituztenak. Bizia duten gainazalak dira; izaera organikoa dutenak.

Dena den, objektu hauen izaera organikoa ez da ez erabatekoa, ez eta totala ere. Objektuek hartzen dituzten forma geometrikoez mugatuta daude; lerro zuzen eta izaera industrialeko material distiratsuek errealitatean izan dezaketen funtzio eta berezko espazio horretatik kanporatzen dituzte, eta esanahi eta interpretazio posible gehigarriak erantsi.

Artistak gogoko du esparru ezberdinei dagozkien elementuen lotura eta elkarketa hauek egitea, eta jolas hau espazioan bertan ere aplikatzen du. Maiz erakusketa aretoak errealitatearekiko erabat espazio isolatuak izaten dira; haietan barneratzean kanpoko espazioarekiko erlazioa zeharo eteten da, eta irudikapenari edo errepresentazioari dagokion bestelako espazio batean barneratzen dira bisitariak. Bockek, ordea, bi espazio hauen arteko mugak lausotzea lortzen du Einsich bewegt instalazioaren bidez: aretoko hormen gainazaletatik abiatuta, zulo bikoitz bat ireki du, eta nolabaiteko pasadizo espazial bat sortu. Bertan burua sartu, eta galeriaren eskaparatearen bidez kanpoko kalea ikusten da.

Mugimendu, lotura, elkarketa hauek guztiek egoki funtziona dezaten, ordea, beharrezkoa da oreka eta balantza zuzena topatzea. Eta, hain zuzen ere, hori gogorarazten digun pieza da galeriaren zentroan kokatzen dena: Le navigateur, baleei uretan oreka mantentzen eta orientatzen laguntzen dien belarriaren barnean kokatutako hezurrean inspiratutako eskultura.

Pena erakusketari buruzko argitalpen eta eskuorriak soilik ingelesez eta gazteleraz zeudela eskuragarri. Euskararen Eguna berriki igaro den honetan, ezin aipatu gabe utzi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.