KRITIKA. Artea

Frekuentziak

Zumetaren olioek osatzen dute erakusketaren aldeetako bat. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
2014ko abenduaren 9a
00:00
Entzun

'Zumeta 12-13-14'

Lekua: Juan Manuel Lumbreras galeria. Bilbo.Noiz arte: abenduaren 12ra arte.

Ez da lehen aldia Jose Luis Zumetak bere erakusketak artelanak sortuak diren urteen arabera izendatzen dituena. Teknikan modu erabatekoan oinarritzen den artista baten erabakia da, kontzeptua baino gehiago pintura eta horrek erakusten dion bideari jarraitzen diona, lehen pintzelkadatik hasita pintura borobildu arte. Frekuentzia ezberdinak osatzen dituzten uhinen moduan, Jose Luis Zumetak Bilboko Juan Manuel Lumbreras galerian aurkeztu duen azken erakusketan ikuslea sentipen ezberdinen bidetik garraiatzen du, eta azken erakusketa honetarako landu duen teknika bakoitza abiadura eta emaitza batekin lotzen da. Horrela, espazioa osatzen duten aretoetan zehar 44 lan aurkezten dira, formatu handiko 21 olio eta formatu txikiagoan sortuak diren hemeretzi tenpera eta lau serigrafia.

Azalera handietan gustura moldatzen den artista da Zumeta, bere ikurra izan den pintzelkada askea eta nahasia garatzeko beharrezkoa baititu espazio handiak. Erakusketa honetarako aurkeztu dituen olioak ez dira neurriz kanpokoak, alderik luzeenak 200 zentimetro luze dira, eta 100-130 zentimetro inguruko lan ugari daude. Azken urteetan artistak sortu dituen lanekin alderatuz, haren lanean garapen bat izan dela nabaritzen da. Griserantz jotzen duten azalera handiak koloreen kolpekadekin nahasten dira, eta aurrekoetan ohikoagoak ziren trazu eta bolumen beltzek baretzera jo dute. Horrekin batera, forma eta koloreak zehaztuagoak eta mugatuagoak bihurtu dira. Kolore arteko nahasketa urduriek, beladurek eta jarioek indarra galdu dute, eta kontrolatuagoak bilakatu diren artelanak dira erakusketan aurkeztu dituenak.

Erakusten diren tenpera lanak, berriz, azalera txikiagoko paperean sortuak dira, gehienak din-a3 formatuan eginak eta akuarelarekin nahastuak. Trazu aldetik lan horiek olioak baino askeagoak dira, eta teknikaren bidez pintura marrazkira gerturatzen da. Konposizio horiek erakusten duten urduritasunak nolabaiteko indarra gehitzen dio artelanari, baina, bestetik, olioek duten gorputza eta pisua galtzen dute. Apunte azkarrak dira, momentukoak, artistak ikasiak dituen mekanismoen adierazgarriak, pintura eta eskuaren harreman inkontziente baten bidez Vasili Kandinskiren akuarela edo Cy Twomblyren trazuetara gerturatzen direnak.

Azkenik, eta aurreko bi tekniken bidez lortutako emaitzetatik guztiz aldenduz, lau serigrafia lan aurkezten zaizkigu, nire ustez, ezbairik gabe, erakusketako artelan erakargarrienak. Bere alaba Usoa Zumetarekin elkarlanean sortuak dira, eta plano handi eta mugatuak erakusten dituzte, eta tonu bero eta hotzak trazu eta plano beltzen bidez estrukturatzen dira. Erakargarriak ez erakusketako lanik hoberenak iruditzen zaizkidalako (alde horretatik Zumetaren olioak beste maila batean daudela iruditzen zait), baizik eta artistaren lanari buruzko ideiarekin alderatuz zerbait ezberdina planteatzen dutelako. Beti da interesgarria artista bat bere ohiko bidetik aldentzen ikustea, emaitzaren bitartez lanerako teknika, lanabes eta kolaborazio berriekin duen harremana ezagutzeko aukera ematen baitigu.

Frekuentziak teknikarekin parekatzen baditugu, Zumetaren lanerako ohiko frekuentzia beti izan da olioa. Uhin luzera egonkor batekin olioaren denboretan eta materiaren tratamenduan maisua da, eta hori nabari da, artista eroso nabaritzen baita abiadura horretan. Tenpera eta akuarelaren kasuan, berriz, frekuentzia handitzen doa, eta trazu azkar eta urduriek momentuko sormen bat adierazten dute. Serigrafiaren kasuan, berriz, frekuentzia guztiz jaisten da, eta teknikak nahiz horrek eskatzen duten denborak emaitza landuagoak eta definituagoak sortzen dituzte. Horrek guztiak pinturaren intentsitate ezberdinak nahasten dituen espazio bilakatzen du Lumbreras galeria, euskal pinturaren historian izan den artista garrantzitsuenetako baten eskutik galeria erritmo ezberdinetako taupadez bete eta espazioa eta ikuslea bera artearen bitartez berpiztuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.