Saioa. 'Bi'

Folk-rock garaikidearen zubian

Andoni Tolosa.
2014ko azaroaren 23a
00:00
Entzun
Diskoetxea: Usaina Records.

Pozgarriak dira oso, utikan super ekoizpen arrandiatsuak, hain sotil, hain biluzi, hain zintzoak diren lanak. Entzunaldi bat baino gehiago eskatzen dutenak, entzuleari hasieran arantzak erakutsi, baina hirugarren entzunalditik aurrera magal gozo bilakatzen direnak. Artifiziorik gabeak, aparteko gozagarrik behar ez dutenak, kantuaren erpinak ongi erakusten dituztenak, onerako etakalterako, jakina, hain nabarmen ibiltzeak oso agerian uzten baitu musikaria eta haren nortasuna, baina baita haren lana ere. Biluztasunean kantuak hazi egiten diraeta hau, batez ere, gure pozerako, kantuen disko bat da.

Ez da, ordea, hori diskoaren balore bakarra. Maila eta esperientzia handiko bi kantari bildu dira bikote honetan, The Sparteenseko Marieder Hiriart eta Unaman aritutako Kamila Zubeldia, eta nabaria da. Ahots eder eta kantaera bikaineko bi emakume dira,xuxurlu edo indar, batetik besterako bidea egiten dutenak, oso modu naturalean, gehiegizko azukreak kutsatu gabe, garrasirako tentazioak ito gabe, sekulako erakustaldirik eman gabe. Lehenengo entzunalditik oso agerian geratzen da bi kantarien arteko elkarhartzean dagoela diskoaren zutabeetako bat, eta bai folketik (Lur bakartian, Ezten atzokoa, Inork agintzen ez didalako, Armiarma eta izarra) zein rocketik (Bazabiltza, Bizi baikara, Lur bakartian, Ikusten duzu ilunabarrean) edaten duten ahots joskera eta moldaketek janzten dutela kantu hauen biluztasuna. Eta ez pentsa, ez zaitzala sotiltasunak engaina, lan handia dago ahots horietan.

Melodiak, berriz, etengabe bi mutur horien artean dabiltza, batzuetan rock aldera doaz, besteetan folk aldera. Kantu batzuetan bietarako norabidea hartzen dutelarik, orain folkia hurrengo bihurgunean rockista, Bidean, diskoko kanturik ederrenetakoan adibidez. Nola estimatzen den xilofonoa!! Ez baitago besterik; ahotsak, gitarrak eta xilofonoa, eta ahotsen aldean, gitarrak jotzeko modua efektiboa bada ere, oso soila baita, eta moldaketak nahiko oinarrizkoak, batez ere ahotsen moldaketekin alderatzen baditugu.

Alde horretatik ere ekarpen handia dago, eragin horiek guztiak hain natural uztartzean, oraindik ere euskal kantari askorentzat zeharkatzea kostatzen zaien zubia igarotzen baitu bikoteak, disko bakarrean eta inongo erreserbarik gabe, natural-natural, folk-rock garaikidean bete-betean kokatu beharreko lana osatzeko.Ez baita folka betiko plazako rock alai eta dantzagarriarekin uztartzen. Ezta gutxiagorik ere, diskoa hau askoz ere hurbilago dago Willis Drumondetik Pantxoa eta Peiotik baino. Garai ezberdinetako eta bi muturretako adibide nabarmenak jartzearren. Hainbeste, haien kantu baten bertsioa ere egiten dutela, Usain epela, alegia. Nork esaten zuen ezin zela gitarra akustikoekin kantu indartsurik egin! Disko zintzoa, leherketa handirik gabe, aparteko inspirazio unerik gabe, baina hasieratik bukaeraraino maila bikaina ematen duena. Behin baino gehiagotan entzun, mesedez, neuk hirugarrenean lortu nuen eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.