Enrico Rava:Fearless Five etaDavid Helbock's Austrian Syndicate
Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 24a. .Italiar jazzean musikari ospetsuenetakoa dugu Enrico Rava jauna (Trieste, Italia 1939). Fliskornoarekin datorkigu. Hasiera batean oso antzekoak diruditen arren, tronpetak baino soinu gozoagoa, leunagoa eta ilunagoa du Rava jaunak jotzen duen musika tresnak. Adituek diote barrenetik atera behar zaiola doinua fliskornoari, erraietatik alegia. Fliskornoaren airearekin kutsatuta edo, Matteo Paggik ere tronboiarekin era gozo eta tesitura ez bereziki grabean jardun du. Harmonizazio sendoak eta duo interesgarria eskaini dizkigute biek ala biek. Tronboi jotzaile gazteak erakutsi du exekuzio azkar, sentibera eta bereziki ongi afinatua duela.
Gaztez inguratuta etorri zaiguDonostiako Jazzaldira Rava jauna, eta gaztetasunez kutsatuta datorrela ikusi dugu, inork ez bailuke esango musikari italiarrak 83 urte dauzkala. Gaurkotasuna galdu gabe, Federico Felliniren garai bateko filmen musikaren eta, oro har, italiar zinemaren ukitu dibertigarri eta atsegina antzematen diogu melodietan. Evita Polidoro bateria jotzailea —zehatza kolpeetan, eta solte era berean—, lasai eta jostagarri ikusi dugu. Izan ere, konplizitate handia izan du musikari guztiekin, eta bereziki aipatuko nuke Francesco Diodati gitarra jolearekin. Azken horren solo sortzaile eta original baten segidan, bat egin dute, plazer handiko unea sortuz. Francesco Ponticelli, berriz, kontrabaxuarekin oso ongi aritu da:saltsa loditzen duen osagai egoki eta zehatza.
Euria izan da etsai handiena gau honetan. Une batez, zaparradak kasik lortu du Rava eta Fearlers Fiveren musika atsegina zapuztea, baina, ez da inondik inora horrela izan, ikusle fidelek plazan jarraitu baitute, euriari jaramonik egin gabe eta euritako zorroaren azpian babestuta.
David Helbock's Austrian Syndicate Austriako taldea izan da Trinitate plazako oholtzara igotzen bigarren taldea. Proiektu interesgarri eta ausart bat ekarri dute.
Musikariek nahasketa berezia osatzen dute. Peter Madsen piano jotzailea estatubatuarra dugu, eta Helbocken irakaslea izan zen Vienan, azken horrek 16 urte zituenean. Orduz geroztik, elkarrekin jotzen dute, eta erakusten dute euren adiskidetasuna adinaren eta estiloen gainetik dagoela. Izan ere, estilo ezberdinak dituzten arren, ederki konbinatzen dituzte klasikoa eta garaikidea. Pianoa jotzen du Madsenek eta, Helbockek, berriz, Rhodes teklatua eta sintetizadoreak erabiltzen ditu era moderno eta informal batean. Ahotsak sintetizatu eta soinu efektuak sartzen ditu atmosfera bereziak sortuz. Friboloa izan zitekeen bere jokoa, baina ez da horrela izan, jostagarria eta sakona baizik. Austriako sindikatu berezi honetara gehitu zaio Claudio Spieler perkusio jotzailea ere. Azken horrek une liluragarri bat ere izan du kanjira izeneko Indiako pandero txikitxoa jotzen hasi denean: gehitu dizkio eskuak, txaloak eta kolpe bereziak eginez. Azkenik, India hegoaldean ezaguna den Konnakol perkusio silabikoa erabili du abiada eta birtuosismo izugarri bat erakutsiz. Ikusleak txundituta. Gaua berotzen ari da, atertu du, eta, geratu diren ikusleek eusten diote giroari.