Egilea: Juan Modesto Arrieta.
Argitaletxea: Erein.
Hamaika ipuin irudimentsu, fresko euren planteamendu kontzeptualetan, ikuspegi kritikokoak, paradoxikoak bizitzaren errealitatearekiko edo ikur unibertsal bihurtu zaizkigun mundu literario batzuekiko. Hamaika ipuin, gehi hitzaurrea eta hitz-atzea, narratiboak hauek ere.
Hala bildumaren izenburuan nola hitzaurrean eta hitz-atzean, agerian jartzen du egileak batasun bat eman nahi izan diola ipuinen segidari, ardatz baten inguruan eraiki eta bildu nahi izan dituela narrazio guztiak, tankera ezberdinetako kontakizun metaketa bat izatetik haratago. Izena eta izana, edo izenaren arabera izanaren peskiza bat izanen balitz bezala. Agerian jartzen du, adibidez, hitzaurrean bereziki, egoera edo testuinguru desberdinetan izen aldaerak suertatzen zaizkigula: etxean, lagunen artean, burokrazian, soldaduskan… Testuinguru bakoitzean «nortasun desberdinen jabe izango banintz bezala». Gutako bakoitza garen poliedroaren hostoek zeinek bere izena eskatuko balu bezala.
Ipuin batzuek protagonisten izen berezia dute titulu, lau guztira. Dena den, hamaika ipuinetatik seitan bakarrik dute izenik protagonistek, batzuetan lehen pertsonan idatziak —logikoagoa, noski, izenaren falta—, bertze batzuetan, hirugarrenean —paradoxikoagoa, bildumaren ardatza kontuan izanik—. Izaera berariazkoa dute protagonista eta narratzaile guztiek; denek ez, ordea, izen berezia: izanetik abiaturik izenen peskizan jarri nahi al du egileak irakurlea? Anonimotasunetik abiaturik, izanaren peskizan?
Dena delakoa egileak agerian jarri nahi digun batasun ardatza, eta kontuan izanik ere izenen inguruko gogoetak bide anitz irekitzen diela gure adimen eta imajinazioari, badu bertze batasun sendo bat bilduma honek. Batik bat haren planteamendu kontzeptualetan erranen nuke nik, nahiz eta tankera eta erregistro desberdinetakoak izan ipuinak. Aberastasuna, bada, alde batetik, eta begirada zorrotza beti, bertzalde, gure errealitate eta mentalitateei so jartzeko moduan. Narrazio labur-laburrak batzuetan (Erabakia, Kakorratza); lehen pertsonako narratzaileak zenbaitetan, kontalari orojakileak bertzeetan; egunkari gisa eraturiko bat (Noraren egunkaria); pelikula batentzako gidoi halako baten zirriborro gisako bertze bat (Diskoboloa); bertze ipuinez haurdun narrazio-ama bat (Natura hila); errealismoaren ildotik gehienetan, errealismo magikoaren bideei ere muzin egin gabe (Adelino Sousa)…, barietate nahikoa, bizitasuna emateko irakurketari, betiere erne mantentzeko irakurlea. Eta begiradaren zorroztasuna ipuin guztietan, dela errealitateko gauzak kritikoki fokatuz, dela arte edo literaturaren munduko bertze kreazioei argi berezia emanez (Azken hegaldia, adibidez, Kafkaren metamorfosiari egiten dion buelta hori, hegan egiteko ahalmena galtzen duen giza-munstroa irudi). Alderdi berrien bilatzaile eta aurkitzailea dugu Juan Modesto Arrietaren begirada, eta irakurleari pizgarri suertatzen zaion joera paradoxikoa, ez erraldien egituretan, estiloan, baina ipuinen planteamenduetan: natura hilen bizitasuna, heriotzaren antzeko jaiotza, matxismoaren inozokeria, fadoen tristezia esentzialak sorraraz dezakeen irribarre hiltzailea…
Arrietaren lehen liburua dugu hau, bere lanbidean erretiroa hartu ondoren argitaratua, idazteko bere zaletasunari oporraldietan ekin diona, ongi ekin ere, hainbat ipuinengatik saritua izan dena lehiaketetan… Inoiz ez da berandu zorionekoa baldin bada emaitza, eta narrazio liburuetara ongi etorria eman behar diogu. Haren sormenean jarraipenari topa egiteko moduko narrazioak.
Literatura. 'IZEN BEREZIAK'
Finean, Juan Modesto du izena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu