KRITIKA. Artea

Fikzio piktorikoak

Kepa Garrazaren erakusketaren ikuspegi bat. XXXXXXXXXXXXXX / ARGAZKI PRESS.
2015eko maiatzaren 26a
00:00
Entzun

'This Is the End of the World as You Know It'

Artista: Kepa Garraza. Non: Bilbao Arte Zentroa. Bilbo. Noiz arte: maiatzaren 29a arte.

Urtero bezala, Bilbo Arte ekoizpen artistikorako zentroak bere erakusketa programa garatzen dihardu oraindik, eta kanpotik ekarritako proposamenekin batera erakusketen atalean urtero antolatzen duen beka programan parte hartzen duten artistek garatutako lana aurkezten digu. 2014an programaren parte izan ziren 36 artistetatik zazpi izan ziren aukeratuak, eta horien artean zegoen Kepa Garraza artista basauriarraren This is the end of the world as you know it proiektua, momentuan ikus dezakeguna. Oso garrantzitsua da arte zentro honek zer bultzada eskaintzen dion urtero artista kopuru handi bati: horrez gain, haietariko batzuek aukera ezin hobea dute zentroaren behealdeko aretoan erakusketa antolatzeko.

Lan ikusgarriak dira Garrazak aurkeztutakoak. Mihise gaineko olioa edo paper gaineko gouachearen teknika erabiliaz formatu anitzeko pinturak aurkezten dizkigu. Erakusketa honen izenburuak dioen bezalaxe (Ezagutzen duzun munduaren amaiera da hau), artista bizkaitarrak aurkeztu dituen pinturak drama sozial, politiko eta ekonomikoaren gaiaren inguruan kokatzen dira, gaur egun munduan eta, bereziki, Europan dugun egoera sozialaren fikzio dramatiko bat aurkeztuz. Horrela, erakusketa osatzen duten 19 lanen bitartez, pintura hiperrealistaren baliatuz erreproduzitzen dira egunkari nahiz telebistetako albiste programen informazio formatuak, informazio hori manipulatu eta errealitate faltsu bat aurkezten. Irudiek osatzen duten ibilbide hori Ipar Korearen eta AEBen arteko gudan hasi eta Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko zuzendariaren bahiketarekin amaitzen da, eta Espainiako matxinada bortitzekin eta Egunsenti Urrekara Greziar ultraeskuindarren hauteskundeetako garaipenarekin osatzen da bidea.

Agerikoa den teknikaren erabilera ikusgarriaren gainetik, aurkezten den irudien lanketa eta horiek erakusteko modua iruditzen zait interesgarriena. Hemeretzi irudiren bitartez hain urrun gelditzen ez den etorkizun hipotetiko bat aurkezten zaigu; kasu honetan, artistak pinturaren bitartez kontatzen diguna. Interes berezia pizten dit erakusketa honetan zer talka sortzen den artearen euskarri eta teknika tradizional baten erabileraren eta gaur egun informazioa kontsumitzeko dauzkagun ohituren artean. Erakusketan sartzen zaren momentutik, badirudi denborak beste ezaugarri batzuk bereganatzen dituela espazioarekin eta pinturarekin harremantze hutsarekin; dena, noski, gaur egungo gizarteak informazioarekin duen harremanean oinarrituta. Garrazaren erakusketarekin lotuta daude hainbat alderdi, ezinbestekoak iruditzen zaizkidanak. Lehenik, gaur egungo informazioaren eferbeszentzia edo abiadura; bigarrenik, informazio hau gureganatzeko ditugun bideak eta horien ezaugarriak; eta, azkenik, jasotzen dugun informazioaren egiazkotasuna.

Hiru alderdi horien inguruko gogoetaz esan dezakegu informazioaren tratamenduan gordetzen dela erakusketaren muina, eta komunikabideek eta arteak erabiltzen dituzten euskarri eta formatuen nahasketarekin batera, tratamendu horretan agerian gelditzen direla haien arteko desberdintasunak. Gaur egun aipatzen den informazioaren eferbeszentzia zuzenki lotzen da gure gizartean informazioak kontsumo objektu gisa jasotzen duen tratamenduarekin. Komunikabideak negozio bilakatu dira, eta informazioa, produktu. Hori dela eta, komunikabide kopurua handituz joan da, eta zer esanik ez Interneten eraginarekin. Lehen, irratia edo telebista zirenak, orain mugikor, tableta edo ordenagailuetara zabaldu dira. Horrela, informazio jario etengabean diharduten pantailen bidez ematen da gaur egungo komunikazio eta informazio kontsumoen %90 baino gehiago. Garrazaren erakusketan, berriz, informazio jarioaren formatuak erabiltzen badira, espazioa arte-erakustoki bat bilakatu da, pantailak koadro, eta irudi digital pixelatuak pintura. Horrek guztiak irudian eta denboran du eragina. Informazioa 19 irudietara mugatzen da, eta ikusleak erabakitzen du zenbatekoa izango den haietako bakoitzaren kontenplazio denbora, erakusketaren bisitan erabiliko duenarekin batera. Bestalde, teknikan murgiltzen bagara, irudiotako bakoitza sortzeko erabili zen denboraren gogoetara garamatza, eta gaur egungo gizarteak artearekin eta artistekin daukan harremanaren ikuspuntu poetiko bat azaleratzen du.

Azkenik, informazioaren egiazkotasunaren inguruan mintza gaitezke. Gaur egun hain egunerokoak diren Photoshopak eta irudiaren manipulazioak ez lukete inolako botererik edukiko euskarriaren gaurkotasunik eta egiazkotasunik gabe. Kasu honetan, pinturak ez du ezaugarri hau betetzen, bere jarraitzaileak eduki eta komunikazio bide garrantzitsu bat izan arren gaur egun ez baita onartutako informazio kontsumo-bide bat. Artista bizkaitarraren erakusketa, ezbairik gabe, ariketa interesgarria da gaur egungo gizartean artistak eta konkretuki pinturak bete dezakeen paperaren inguruan hausnarketa egiteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.