KRITIKA. Antzerkia

Festa hasi aurretik

Blanca Portillo, zuriz, Mrs. Dallowayren rola jokatzen. SERGIO PARRA.
Agus Perez.
2020ko otsailaren 5a
00:00
Entzun

'Mrs. Dalloway'

Egilea: Virginia Woolf. Bertsioa: Michael De Cock, Anna Maria Ricart, Carme Portacelli. Zuzendaritza: Carme Portacelli. Musika: Jordi Collet. Eszenografia: Anna Alcubierre. Lekua: Bilboko Arriaga Antzokia. Eguna: Urtarrilaren 30a.

Ia dena dago prest Mrs. Dallowayen etxean emango den festarako. Ia dena, egia esan, oraindik Dalloway anderearen alabak ezpainzapiak egoki tolestu behar dituelako. Horrelako ospakizun arranditsuetan eta txikikeria estetikoetan ematen ditu protagonistak bere bizitza hutsaleko egunak, eta bitartean, bueltaka dabilzkio buruan dituen pentsamenduak, gogoetak eta oroitzapenak.

Beharbada Mrs. Dalloway dugu Virginia Woolfen eleberririk enblematikoena, eta 1925ean argitaratua izateak harridura eragiten digu, bertan azaldutako gaien sakontasunagatik eta alde formalean garatu zuen teknikagatik. Kontzientziaren jario izenarekin bataiatu den teknika horretan protagonistak bere pentsamendu, sentimendu eta gogorapenen etorriari segitzen dio, errealitatearekin izandako momentu kontzienteak subkontzienteak diren jarduera mentalekin konbinatuz eta denbora fisikoaren segida linealari tratamendu subjektiboa emanez.

Horretan eta pasarte intimo askoren poetikotasunean datza Woolfen jenialtasuna baina, dudarik ez, emakumeen egoeraren gaineko analisia aitzindaria izan zen eta indarrean dirau ehun urte geroago. Horrekin batera, beste gai batzuk ere azaleratzen dira argumentuan zehar, hala nola emakumeen arteko amodioa, maitasunaren eta heriotzaren arteko borroka —Herio garaile, mundu fisikoan behintzat— eta norberaren huts existentziala borrokatu beharra. Seguruenik, testua entzutean ikusle bat baino gehiago gogoratuko zen The Hours izeneko film bikainarekin (Stephen Daldry, 2002).

Anna Alcubierreren eremu eszeniko funtzionalak itxura ona eduki du hasieratik bertatik. Denak ematen zuen festarako prestakizunetan geundela: aulki asko errenkadan jarrita, bi mahai luze kopa eta pitxerrekin... Gainera, agertokiko bazterretan teklatua, bateria, gitarra elektrikoa eta baxua zeuden, eta antzezleek beraiek jo dituzte musika-pasarte batzuetan.

Dramaturgiak ere eleberriaren planteamendu aurreratuari segitu dio, zati koreografiatuak antzezleen solasaldi eta berbaldi deklaratiboekin batera emanez, baina hala eta guztiz ere, kontakizuna ez zaigu erraietaraino heldu, eta horretan zerikusi handia eduki dute antzezle askoren maila apalak eta, Carme Portacelliren zuzendaritzapean, den-denek erakutsitako sinesgarritasun faltak. Esandakoaren adibide, une jakin batean aurrealdean agertu dira neska kantaria gitarra eta baxua, eta ikusleei bitan eskatu diete erritmoari txaloz jarraitzea, inolako erantzunik jaso gabe, hain zen pobrea hirurek transmititzen zuten energia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.