'Project X'
Zuzendaria: Nima Nourizadeh. Aktoreak: Thomas Mann, Oliver Cooper Jonathan Daniel Brown. Herrialdea: AEB. Iraupena: 88 minutu.
Beharbada, gaur egungo gazteen inguruko erretratu soziologiko bat izan nahi zuen. Akaso elkar ulertzen ez duten bi belaunaldiren arteko aurrez aurrekoak eragiten ahal duenaren gaineko azterketa. Bata zein bestea izan nahi bazuen, Project X honek, oso ongi ezkutatu du bere asmoa Nima Nourizadeh zuzendariak; hain ongi, non edozein gai sakon eta kritikorik guztiz oharkabean pasatuko den.
Festa luze eta amaigabe baten kronika da Project X, festaren apologia bat bihurtzeraino. Hedonismoa da nagusi pelikulan, ongi pasatzearen kulturaren aldarrikapena, barnean daramagun piztia basatia askatzearen aldeko manifestazioa. Hori besterik ez. Festa bat bere gorabehera guztiekin, modu kaotiko batez kontatuta, filmaketan lantalde osoak ere festa amaigabea bizi balu bezala.
Belaunaldi baten erretratua izateko berandu, oso berandu ailegatu da Project X. Orain urte batzuk egin dira gaurko gazteen inguruko film askoz hobeak, zintzoagoak, krudelagoak; horien artean, Larry Clarkenak. Hemen ez da horren arrastorik ikusten, soil-soilik Playboy-ren estetika duten bideoklip batzuk, Eivissarako gonbita diruditen spot estatubatuarrak, hormonen dantza matxista eta aspergarria.
Hustasun hori kamuflatzeko asmoz, grabaketa amateur baten itxura eman nahi izan dio zuzendariak. Itxuraz, dena kamera subjektibo baten arabera dago kontatuta, filmari sinesgarritasun apur bat eman nahian edo. Baina,hain juxtu, kontrako efektua lortuko du Project X-k, batere sinesgarritasunik ez izatea. Zerikusirik ez Chronicle, Cloverfield edo azken urteotan baliabide bera erabili duten beste hainbat pelikularekin. Izan ere, James Cameronek kontrakoa uste arren, teknikak ezin ditu gidoiaren hutsuneak bete.
Drogak, musika eta sexua, institutuan norbait izateko bidea omen da. Inoizko festarik handiena, basatiena antolatzea. Arrakasta eta onarpenaren kultura da, eta horretan dena da zilegi. Horiek guztiak aldarrikatu nahi ditu Project X-k, baina pelikula bera ez da batere basatia, batere apurtzailea, batere gaztea. Otzana eta aurrefabrikatutakoa da, protagonisten antzera jokatuko du zuzendariak, berehalako arrakasta lortu nahian, festa handi bat jarri nahi izan du pantailan. Pasilloetatik ekoizleren bat agurtuko duen esperantzan.
Kritika. Zinema
Festa eta askatasuna
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu