KRITIKA. Donostiako 58. Jazzaldia

Fender Telecasterren jazz gaua

2023ko uztailaren 24a
00:00
Entzun

Julian Lage Trioeta Bill Frisell



Lekua: Donostiako Trinitate plaza. Eguna: Uztailaren 22a.

Julian Lage (Santa Rosa, Kalifornia, AEB, 1987) etxeko egongelan lagunartean egongo balitz bezala azaltzen da agertokian. Bere hatz azkarrek arin eragiten dituzte Fender Telecasterraren soken bibrazio bereziak. Gitarraren doinuak adeitsuak eta lasaiak dira. Erakustaldiak ez du erakustaldi hutsa izan nahi, jolasek ez dute txundigarriak izan nahi, baina distira eta zirrara eragiten dituzte ikusleengan. Atsegina, sentikorra, doinuak orekan landuta eskaintzen dizkigu Lage jaunak.9 urterekin Santana handiarekin agertu zen lehen aldiz ikusleen aurrean. Haur prodijioa izan da, eta, gaur egun, 35 urterekin gazte itxura duen arren, maisu bikain baten aurrean gaudela esan genezake. Melodia eklektiko eta ezohikoak jotzen ditu irribarreari eusten dion bitartean, irribarrez jarraitzen du airean kaioen oihu negartiak bilatzen dituenean ere, eta irribarrez arpegio eta akorde miresgarriak dantzan lehertzen dituenean ere.

Sormen, jolas aske eta miaketa jostagarriz zipriztinduz lotzen ditu konposizioak, delicatessen sakon bat eskainiz. Bateriarekin lagundu dio Joey Baronek (Richmond, Virginia, AEB, 1955), jazz garaikidean aritutako eskarmentu handiko musikaria. Zotzak oso era berezian erabiltzen ditu, gehienetan eskuilekin lortzen du kolpeen leuntasun adierazkorra, eta are leunago da eskuekin egin duen lana, bateria esku hutsik jo baitu kontzertuaren zati handiena.

Bisaren orduan, bigarren gitarra jolea azaldu zaigu, Bill Frisell (Baltimore, Maryland, AEB, 1951, eta eszenatokian bi Fender Telecasterren unea izan da.

Biak antzeko musika eremuan murgiltzen dira, eta aise jardun dira elkarrekin, komunikazio bikainean. Baron jaunak eman dio bizitasuna topaketari. Azeri zahar itxura hartu du bateria jotzaileak, bizkor, kementsu, eta konplizitate handia erakutsi du; okasio ugaritan lagundu izan dio Friselli bere musika ibilbidean.

Konposizio magiko batekin hasi du Frissell jaunak bere kontzertua. Gitarra eta klarinete duoa izan dira aurkezpen honen protagonistak. Klarinetearen doinuak plazer handiz hartu ditugu; tamalez, ez da ohikoa musika tresna hau jazz garaikidean entzutea.

Oso neurtua eta lasaia da Frisellen musika, lopper sotil batzuk erabiltzen ditu tarteka, kasik ohartezinak direnak. Duela bi urte, pandemia garaian, hemen izan genuen, eta oinpeko gehiago erabili zituen orduan, efektu gehiago lortzeko. Abangoardia ukitua du bere musikak, eklektiko samarra izan arren. Aipagarria izan da amaiera aldera Johnathan Blakek eskain duen solo sakon eta indartsua, ikaragarria!

Dotorea izan da eman diguten kontzertua, ederra eta oso egokia Trinitate plazako emanaldiei hasiera emateko. Gora 58. Jazzaldia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.