'Alegría'
Konpainia: Cirque du Soleil.
Lekua: Bilboko Arena.
Eguna: urtarrilak 18.
Oso era motelean hasi da Cirque du Soleilek Bilbora ekarritako Alegría ikuskizuna, erritmoa hartu ezinik eta artistak motorrak berotzen baleude bezala. Sakontasun handiko eszenatokia neurtzen genuen bitartean, fantasiazko mundu bateko musikariek beren aurkezpen eszenikoa egin dute eta Commedia dell'Arte-ren zorduna den estetika garaikidean murgildu gaituzte. Baina, halako batean, abiadura bizia hartu du emozioak, lehen bi trapezistek altuera handian eta paraleloan egindako ariketa pentsaezin eta arriskatuekin, eta hortik aurrera leporaino sartu gara zirku handiaren giroan. Izan ere, bi plano ia kontrajarrita bereizi ahal dira Alegría-ren planteamenduan: ekitaldi fisikoen distira paregabea eta haien azpian edo inguruan egon den balizko kontakizun nahasia.
Gauzak beren puntuan jartzeko, ordea, ulertu behar dugu ikuskizunaren diseinuak hemezortzi urte dituela —ez da gutxi gero!— eta Saltimbanco-ren ostean honako hau izan zela munduan ospea eman ziena. Hortaz, adinak justifikatuko luke muntaiaren estetika zamatua eta atzeko diskurtsoaren iluntasuna. Baina, hala ere, Alegría-rekin ia finkatuta geratu zen zirku garaikidearen formula perfektua, eta handik bi urtera goia jo zuten Quidam errepikaezin harekin.
Horrenbestez, eta alderdi eszeniko guztien bikaintasuna albo batera utzita, ekitaldi fisikoak izan dira gaualdiko izarrak —benetako zirkuari dagokionez, bide batez esanda—, eta haien artean bereziki gogoratuko ditugu haga errusiarren gaineko jauzi miresgarriak, aroak gorputz inguruan zerabiltzan neska liraina eta, zelan ez, altuera izugarritik eta jauzi librean trapezio ariketa sinestezinak burutu dituen gizon-taldea. Muturreko perfekzio teknikoa erakutsi dute haiek guztiek —neska bihurrikariak, esku gaineko orekaria…— eta, gainera, maila goreneko dotorezian eta dantza kalitatean bilduta etorri dira atleta guztien erakustaldiak. Pailazoen tarteek, ordea, denboraren erdia jan dute eta, onak izan arren, ez dira beste guztiaren maila bikainaren pare egon.
Azkenik, txarto bilduta ekarri digutena ikuskizuna bera izan da, jatorrizko karpan etorri beharrean kirol-eraikin desegoki batean eman delako. Baina, jakina, badirudi Bilboren hautua izan dela Zorrozaurreko gune zapal handian medikuntza pribatuko elkarte baten egoitza jartzea, eta gerora begira lekurik gabe geratu gara zirku handien emanaldiak jatorrizko formatuan ikusteko.
Kritika. Zirkua
Fantasiara bidaiatu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu