Donostiako 60. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Familia baten gorabeherak

Beñat Eizagirre Indo.
2012ko irailaren 30a
00:00
Entzun
'Draussen ist Sommer/Summer Outside'

Zuzendaria: Friederike Jehn.

Herrialdea: Alemania-Suitza.

Iraupena: 91 minutu.

Friederike Jehn alemaniarrak familiaren gai korapilatsuari arreta eskaini nahi izan dio bere bigarren lan honetan, baina tamalez ez du betierekotasuna lortzerik izango. Haizeak ekarri bezala eramango du; zinemaldia amaitzerako inor gutxik izango du gogoan Draussen ist Sommer/Summer Outside existitu zenik ere. Drama arruntegia gertatzen da, ez dauka ezer berririk eskaintzeko. Ez dauka azpimarra daitekeen ezer, eta oroimenaren zuloan barrena desagertuko da. Denborak berehala irentsiko du. Zuzena eta arrunta izatea ez da honelako zinemaldi batean nabarmentzeko ezaugarri aproposena. Erraz jarrai daitekeen istorio bat kontatzen digu, eta erritmo egokia baliatzen du horretarako, baina planteamendua edo kontzeptua argi edukitzea ez da nahikoa izaten, tratamenduarekin asmatu beharra baitago. Gaia interesgarria da, baina narrazioak ez du barnean eragiteko adina indar. Hotz uzten du. Protagonista nagusia Wanda izeneko neskatoa da, eta 14 urte ditu. Bakarrik sentitzen da, eta ez da bere lekua aurkitzeko gauza. Uda gozatzeko garaia da, baina etxe aldaketak, batetik, eta gurasoen arteko etengabeko hika-mikek, bestetik, ez diote behar duen babesa ematen. Alemaniatik Suitzara aldatu ostean, lagun berriak egin beharko ditu, eta zaila gertatuko zaio testuinguru berrira egokitzea. Eta liskarrek ez dute areagotu besterik egiten. Inkomunikazioari eta bakardadeari aurre egin beharrean aurkituko da, beraz, eta heldutasunez jokatu beharko du. Helduen mundura bakarrik igaro beharko du. Bestalde, bere sexualitatea deskubritzeari ekingo dio, eta auzoko perbertituaren laguntza edukiko du horretarako. Auzokoaren pertsonaia soberan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.