'Familia sarekada'
Ekoizlea: Vaiven. Egilea: Antonio Muñoz de Mesa. Euskaratzea: Aizpea Goenaga. Zuzendaritza: Olga Margallo. Zuzendari laguntzailea: Dorleta Urretabizkaia. Eszenografia: Jose Tome, Monica Teijeiro. Jantziak: Ana Turrillas. Argiak: Xabier Lozano. Antzezleak: Ainhoa Aierbe, Nerea Gorriti, Xanti Korkostegi, Mikel Laskurain. Bideo bidezko antzezpena: Aitziber Garmendia. Lekua: Eibarko hezkuntza esparruko aretoa. Eguna: Otsailaren 22a.Urtero bezala, bueltan datoz Eibarko Antzerki Jardunaldiak, eta Hezkuntza-esparruko aretoa oso ondo bete da Familia sarekada obraren emanaldian.
Oinarrizko planteamendua sinplea bezain eraginkorra da. Familia arrunt bat afaria prestatzen ari da ohiko tirabira eta ika-mika txikien artean: seme nerabea protestaka gurasoek eskuko telefonoa konfiskatu diotelako, aita Himalayako gatza non ote dagoen galdezka, eta ama erretxinduta, berak dena prestatu behar izan duelako. Eta gainera, ardoa ozpinduta, patata tortilla lehor, eta, egoera borobiltzeko, desordutan jo duen ateko txirrina.
Antonio Muñoz de Mesaren (Madril, 1972) testua komedia dramatikoaren arloan kokatzen da bete-betean, eta beste ezer baino lehen esango dugu ondo baino hobeto funtzionatu duela, egileak ederto maneiatu dituelako antzerkiaren hariak. Esku-programan azaltzen denez, pornografiarekin lotutako delitu informatiko baten bila datorkie Polizia Villaorduñatarrei; baina argumentuak aurrera egin ahala, gauzak korapilatzen hasi, eta bakoitzaren sekretuak eta miseriak agerian geratuko dira, barre sanoen artean amaiera tragikora hurbiltzen garen bitartean.
Wikipedian Muñoz de Mesa bilatu eta nik eskatu gabe eman dizkidate haren emaztearen izen-abizenak —Olga Margallo (Madril, 1970)—, eta hara non bera den antzezlan honen zuzendaria. Harekin batera Dorleta Urretabizkaiak jardun du zuzendaritzan, eta, esan bezala, emaitza primerakoa izan da, testuaren interesari, emankizunaren erritmo sostengatuari eta antzezleen sinesgarritasunari esker. Agian, nik dentsitate gehiago eskatuko nioke poliziaren pertsonaiari, baina, bestetik, ondo egon da bere jarrera erdi hieratiko erdi enigmatikoan ere.
Eszenografia naturalista baina eskematiko batean gertatu da guztia, argien erabilera arin baina eraginkorrak lagunduta, eta Budapesten bizi omen den alabaren pertsonaiak —Aitziber Garmendia— bideokonferentzia filmatu bidez parte hartu du prozesuan, bikain bere ohiko rolean. Azkenik, Aizpea Goenagaren euskaratzea aipatuko dugu, natural eta garbi funtzionatu duelako, salbu alabaren hitzetan behin eta berriro entzun dugun «a tope» nekagarri haren errepikapenetan. Nik, behintzat, beti entzun eta esan dut «topera» halako kasuetan, eta badakit «denak emanda» esan beharko nukeela —ez erregistro horretan, dena den—, baina uste dut ikusle euskaldunek ez dutela erdarazko esamolderik behar berez euskara fina, umore duina eta gogoeta interesgarriak elkartzen dituen obra batean.