KRITIKA. Antzerkia

Eztenako ziztadak

2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun

Eztena jaialdia

Obrak:Tximista beti hor/ El rayo es siempre una opción eta Uraren oldea.Lekua: Niessen kulturgunea, Errenteria. Eguna: Ekainak 15 eta 16.

Errenteriako Eztena jaialdian arte eszenikoak kontzeptua askotarikoa dela ondo baino hobeto dakitenez, programazio eklektiko baina aldi berean koherentea eskaintzen digute urtero. Bertaratzen denak badaki, egunaren arabera, kaleko performancea, aretoko testu antzezlana edota mota guztietako adierazpen artistikoen adierazpena aurkitzeko parada izan dezakeela. Asteartean, esate baterako, argitalpenak izan ziren eguneko saioen aitzakia. Lehenbizikoan, Eider Perez Adelatx-en liburu ederraren aurkezpena izan genuen. Alean, Sra Polaroiska kolektiboak Errenteriako Alamedako dantzaldia inspirazio iturri hartuta, collage artistiko testuala topatuko du irakurleak. Horren segidan, Susa argitaletxearen Ganbila bildumako antzerki testuen irakurketa dramatizatu zirraragarria eskaini ziguten Karrika taldekoek. Bi ekitaldietan bazegoen hari komuna, hots, «sormenak sormena sortzen du» esaerak laburtzen diguna, baina baita antzerkia, liburu bihurturik, gu elkartzeko arrazoia izan daitekeelakoa ere.

Asteazkenean guztiz bestelakoak izan ditugu. Hasteko, Rouge Eleako Ander Fernandezek eta Zazpi t'erdi ekoizpen etxeko David Aguilarrek proposatutako bidaia artistikoa, ironikoa bezain poetikoa iruditu zaigu. Tximista beti hor/El rayo es siempre una opción emanaldi elebidunean, oholtzan dagoen bikoteak deskribatzen du Deltebren (Tarragona) gauzatutako egonaldi artistikoan bizitakoak mikrofonoa eskuan, musika lagun eta hainbat bideo proiektatzen dizkiguten bitartean. Egunkari artistiko eta diziplina ugariko honek zirriborroa dirudi, ikertzaile baten apunteak: pantailako testigantzek editatu gabeak ematen dute; gainera, antzezpena garrantzirik gabeko solasaldi moduan ulertzea dago. Anti-antzerki gisa deskriba daiteke ikusitakoa: antzezleek natural-natural dihardute, lagun arteko giroan balira bezala, artifiziorik gabeko kontakizunean, antzeztu gabe bezala, editatu gabeko ikus-entzunezkoen laguntzaz. Baina ezagutza teatral handia —eta filosofikoa— dago honen atzean, teatro garaikidearen eremu liminal batean mugitzen ari direlako, narrazioaren uhalei eusten dieten bitartean; horregatik, kontra-teatroaren eskemari heltzen diotela ulertzen du ikusleak. Lyongo Agobardo moderno baten antzera, kontrajarriko dizkigute tximisten gaineko sinesmenen mundu iradokitzailea eta egungo informazio zientifikoa. Funtsean, Gloria ekaitzaren pausuak jarraitzen, tximisten elektrizitateari buruzko dikotomian murgiltzen gaituzte: sineskeria herrikoien allure-aren eta grafikoen zientziaren objektibotasunaren bitartekoan. Ederra zuena.

Deskarga elektrikoaren ondoren Peru Galbeteren Uraren oldea iritsi zen. Performancea meditaziorako gonbita moduan deskodifikatu genuen guk, baina ideia horrekin batera onartu genuen, piezaren karga konnotatiboa hain handia izaki, haren ulermen zein sentipena guztiz pertsonala dela. Gene Youngbloodek 70eko hamarkadan definitutako zinema gainezkatua (expanded zinema) bere egiten du Galbetek, eta hartara, ikuslearengan kontzientzia eta pertzepzio berri bat aktibatu nahi ditu bere ikuskizunaren bidez. Proiekzioak, ahotsa, musika, poesia biltzen ditu sortzaileak; ikusleok edizio lanen lekukoak gara, baina, batez ere, protagonistak gara, zeren sentimendu eta emozioen zirrara gugan beste inoiz ez dela gertatuko ulertzen dugu. Zinemak eskatzen duen iluntasunarekin kapera batean bezala sentitu gara, eta irudi ez-figuratiboak deszifratu nahian bi gauzaz konturatu gara. Batetik, nagusitzen den granate kolorea Mark Rothkok Houstongo kaperarako zein Seagrameko horma-irudietarako erabilitakoa dela. Bestetik, galaxien argazkietan tonalitate bera azaltzen zaigula, eta finean, paretan proiektaturiko poemek gidatutako ikuskizun honek, orain hitza mantra moduan errepikatu digula, komunikazio ez-berbala gunean ipiniz, antzerkia otoitz laikoa egiteko tokia ezin aproposagoa izan daitekeela iradokiz. Emozioaren baseliza, soinuz betetako isiltasunaren taupada. Eztenak bihotzean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.