'Carmen Calvo. Ametsa akabatzea (1969-2019)'
Non: Kubo Kutxa aretoa, Donostia. Noiz arte: Maiatzaren 5era arte.Otsailaren 8tik ikusgai dira Donostian Carmen Calvoren lanak, 2013ko Arte Plastikoen Espainiako Saria jaso zuen artista berezi bezain ezagunarenak. 1950. urtean Valentzian jaioa, 30 urte eskas zituela New Yorkeko Guggenheim museoak antolatu zuen New Images from Spain erakusketan parte hartu zuen. Ordutik, bere lanak ospe handia lortu du, eta hainbat erakusketa garrantzitsutan aurkeztu dute; besteak beste, 1997ko Veneziako biurtekoan parte hartu zuen, Joan Brossa artistarekin batera.
Oraingoan, izenburuak dioen bezala, artistaren azken 50 urteotako ibilbidea errepasatzen du Kubo Kutxa aretoko erakusketak. Alfonso de la Torrek komisariatua, Calvoren 61 lan bildu dituzte, haren unibertso pertsonal eta berezia irudikatzen duten pintura, eskultura, collage, argazki eta soinu piezak, bilduma pribatuek, galeriek, fundazioek nahiz Madrilgo Reina Sofia zein Valentziako IVAM museoek utzitakoak.
Nahiz eta atzera begirako bat den, erakusketa ez da kronologikoki antolatua. Ibilbideak antolaketa berezia duela esan dezakegu, aretoko erdiguneko espazio nagusiaren inguruan beste hiru espazio txikiagoak zabaltzen baitira: sarrerakoa, atzekoa eta gainaldekoa. Erakusketak hasierarik badu, Calvok 1969. urtean pintatutako La caza margolana da; bertan jada, era figuratibo batean pintatuta, gizonezko batek ehizatutako emakume bat aurkezten da, azken hori zatikatua. Eta lehen lan honetatik jada artistaren lanean garrantzi berezia duten bi gai antzematen dira: mina eta tratu txarrak.
Nahiz eta obra hori garrantzitsua den, areto nagusiaren erdian erakusketaren bihotza izan daitekeen lana aurkezten da, 1997ko Veneziako biurtekoan aurkeztu zuen Elkarrizketa bat instalazioa. 4x4x4 metro dituen espazio bat da, alde batetik barrualdea erakusten duena. Bertan, Calvok jasotako ehunka objektu biltzen dira, nolabaiteko horror vacui baten bidez, bihotza bainoago, amesgaiztoz beteriko garun baten irudia aurkeztuz. Pieza honek erakusketa osoa konektatzen duela dirudi; objektuen arteko obsesio baten bidez ezkutuan gordetzen den sentipen bat zabaltzen da, lanen eta objektuen arteko kidetasun baten arteko ibilbide bat eraikiz.
Obsesioaren ideiaren adibide izan daitezke Calvok 70eko hamarkadan sortutako bildumak eta paisaia serieak. Horietan, arkatz zati txikiak zein buztin egosi zatitxoak euskarri handi batean obsesiboki kokatzen ditu, ehunka piezaz osatutako azalera handiak sortuz. Objektuen bilketa eta klasifikazio honek, buztinaren erabilerarekin batera, arkeologiaren ideiara gerturatzen gaitu, eta atzeko espazioan aurkezten diren Diario I gisako piezekin lotzen da, objektu ezberdinen bidez multzo bat sortuz.
Aukeratutako objektuekin lan egiteko ideia errepikakorra da artistaren ibilbidean, 90eko hamarkadatik aurrera batez ere. Lanerako prozesu hori surrealistekin lotzen da, haientzat ere objektuaren aukeraketa soila jada sormen ekintza bat baitzen. Honen adibide garbiak dira kautxu nahiz arbel gainean sortutako serieak. Horietan, atzealde ilun baten gainean, hainbat motatako objektuak biltzen dira, espainiar pintoreen bodegoi klasikoen bertsio modernoak sortuz. Surrealismoarekin jarraituz, harremanak sortzen dira azken hamarkadako lanekin ere, besteak beste, Magia (2016), Baimen egunak-Paris eta landa (2014) zein Eta aurpegi borobila miazkatzen du (2013-2016) lanekin. Liburu gainean ezarritako begiak, mahai gainean ipinitako panpinaren buruak, ile artifizialeko azalera luzeak... guztiek aztoragarria den atmosfera bat eraikitzen laguntzen dute.
Eta atmosfera horren barruan nola utzi aipatu gabe argazkiarekin edo zinemarekin lotzen diren esku-harturiko irudiak, Calvoren ibilbidearen ikurrak bilakatu diren collageak. Teknikoki sotilak bezain latzak horietako batzuk, batez ere sarrerako areto txikian ikus daitezkeen Madarikatu handiak (2014) eta Ez daukat nostalgiarik (2015), zeintzuetan labanak eta gas-maskarak bezalako objektuak jartzen dituen artistak haur nahiz zaharren aurpegietan. Goiko aretoan, berriz, Neguko ikuspegiekin ametsetan (2017) zein Irakasle batentzako gutuna (2016) lanetan objektuen irmotasuna pixka bat baretzen den arren, irudiek oraindik aurrekoek duten atzealde iluna dute; eta erakusketan errepikatzen doan sentipena hor dago, zorigaitz bat gordeko balitz bezala.