'Gela-jauziak'
Zuzendaria: Jon Maia. Koreografia: Cesc Gelabert. Musika: Sabin Bikandi, Xabier Erkizia. Lekua: Durangoko Ezkurdi plaza. Eguna: Uztailak 20.
Zabalean hartuta, Iparraldeko Jauziak saileko dantzetan ohikoak diren aginte hitzek ondo laburbildu ahal dute Gela-jauziak lanaren espiritua: ezker, eskuin, erdizka... Agian, hortik ibili zen koreografoaren pentsamendua hasiera batean: «Ikus dezagun zer ote den euskal dantza misteriotsu hura, bota diezaiogun begirada mediterraneo bat gure izaera katalanetik eta sor dezagun konpainia bikain honekin nire ikusmoldeekin guztiz bat datorren artelan garaikide bat».
Izan ere, Gela-jauziak izenburuko lehen zatia Gelabert abizenetik dator. Nazioarteko maila ukaezina duen Cesc Gelabert dantzari eta koreografoa askotan etorri da Euskal Herrira, Gelabert-Azzopardi konpainiarekin edo bakarlari gisa —azkena ekainean izan zen, Bilboko Guggenheim museoan—, eta bere ezaugarrien artean nagusiak dira abstrakziorako joera trinkoa, mugimenduaren araztasuna eta gorputz-malgutasuna. Oraingo honetan, aldiz, Kukai konpainiarekin egin du lan, eta berak urte luzez garatutako teknika bereziek dantzarien mugimendu-hizkera eraldatu eta ikuspegi garaikidea eman diete taldearen jatorrian dauden sustraiei.
Nik benetan uste dut lan honetaz gehiago gozatuko genukeela areto batean, baina kaleak eta enparantzak dira herri-dantzetarako leku naturalak, eta argi dago bere garrantzia duela kaleko jendeak ere horrelako proposamen landuak ikusteak, horrek asko laguntzen baitu iruditegi kolektiboaren aurrerapenean.
Are gehiago piezako elementu guztiak betekizun bakarraren zerbitzura daudenean, kasu honetan bezala. Nork eta Nestor Basterretxeak, bere betiko eskuzabaltasunarekin, Kosmogonia saileko Akelarre pieza handia eskaini zuen lan honetarako. Totem itxura eta zeregina betetzen du agertokian, eta H formako bi pieza txikiagoek gogora ekartzen dizkigute siderurgian sortutako habe sendoak, soinu-bandako hots metaliko eta kolpe erritmikoekin batera. Jantziek ere dotorezia soila erakutsi dute printza gorri batzuekin ederturiko beltzean, eta, niri behintzat, era subliminalean gogoratu dizkidate Lydia Azzopardiren diseinu sormentsuak.
Dantzariek, azkenik, beren betiko kalitate bikaina frogatu dute berriz ere, finezia eta kemena une oro uztartuta, eta jariotasun handiz igaro dira dantza tradizional eraldatutik abstrakzio handiko pasarteetara. Horrela izanik, eremu onirikoan sartu digu Nerea Vesgaren solo tragikoak, eta goraino eraman dute emozioa bost gizonen dantza zirkularrak zein bikoteka eta paraleloan dantzaturiko aurreskuek, musikak erritmo pausatuko in crescendo batean inguratzen gintuen bitartean.
KRITIKA. Dantza
Ezker, eskuin, erdizka!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu