Garazi Ugalde (Lezo, 1988) poeta gazteak bigarrenez ekin dio argitaratzeari sariek eskaintzen duten aukera profitatuz. Izan ere, Morfologiak (Berminghan, 2016) poema bilduez osatutako lana argitaratu du Pasaia Hiria-Xabier Portugal sariari esker, bigarren aldiz lortu baitu sari bera. Liburu berean Anartz Izagirreren Forma geometrikoak zure baitan irakur dezakegu, halaber. Eskertzekoa da, nolanahi ere, egile gazteek argitaratu ahal dezaten argitaletxe txikiek eskaintzen duten bidea, ezinezkoa bailitzateke merkatuak agindutakoari jarraiki bakarrik burutu, gurean norabide argirik gabeko ekoizpen literarioa ugaria izan arren. Argitalpen honetan Irati Goikoetxea epaimahaikoak moldatu ditu bi aitzinsolasak. Haren hitzak erabiliz, «ezinegon orekatu baten isla dira Morfologiak laneko hitzak».
Ezinegon horrek, orekatua edo desorekatua izan, gorputzarekin eta hitzarekin eraikitzen dituen harreman korapilatsuak ditu sorburu Ugalderen ahots poetikoak, haikuen gisako poema kasik inpresionistetan zein poema narratibo luzeen moldean aireratzen den ahots ezkutua. Poeta gazte batek zerbait izan behar badu, esperientzia mamitsuen faltan, ahots propioa da, sentimenduen azalkerian erori gabe betiere.
Apika, poeta gazteari falta ohi zaion sistematizazio faltaren eraginez, lehen inpresioez osatutako barne lana gailentzen da Ugalderen lan poetikoan. Hitzaren eta gorputzaren arteko ahalmen ahulaz ari zaigu poeta. «Gorputz bat dut (edo naiz) / etengabe epaitua dena kanpotik: / neurrigabea eta neurritsuegia / emeegia eta aski ez emea…». Gorputzaren gaineko hausnarketa hori gailentzen bada ere, poema bakoitzak autonomia agertzen du, eta gai ezberdinak jorratzen ditu Ugaldek, hala nola pertsonen arteko inkomunikazioa, guda ezagutu gabeko gazteen esperientziarik eza, holokaustoaren osteko errauts esplikaezinak…
Ez da udazkena poema dugu eredurik esanguratsuenetarikoa Ugalderen unibertso poetikoa entelegatu ahal izateko. «Ez dut espero ondo tratatuko nauen leku bat eta / egokitu zaidan denbora tarte hau besterik / ezleku eroso samar bat / harresiak harresi, errautsak errauts, oreak orea / non ezkutatua izateko». Poetak ezkutatzeko grina agertzen du behin eta berriro, eta kausalitatez bere baitan ezkutatzeko lanabes bakarra hitza, edo poesia, du. Baina ez du lan samurrik.
Horrela bada, Berlinen kokatutako Sonnenallee 153 izenburuko poeman «maleta huts izan nahi nuke» aldarrikatzen du. Ahots egotikoa birrintzean bakarrik salbazioa aurkituko balu gisa. «Nork hartu eta nora eramana bazenu… / baina hortxe darraizu sotoan / zokoratuta / maleta abandonatua».
R.M. Rilkek esan zuen, Joseba Sarrionandiak euskaratua, «Zer gauza guti diren poemak gaztaroan izkiriatu direnean! Itxadon egin behar litzateke bizitza osoko arima eta gozotasun uzta bildu arte….». Nago Garazi Ugalderen ahots poetiko gazte hori gustura dagoela gauza guti diren poemak izkiriatzen, alta, esperoan ari da, ahotsak berak zer esango. Sagarrondo soilduaren kronika litzateke, ene aburuz, itxarote horren adierazlerik lazgarriena. Hotzaren laguntzaz, ilusioa mantentzea besterik ez baitugu. «Adarretan ez zaio lau fruitu kriogenizaturen ilusioa besterik geratzen. / Hotzak eusten dio, leiho-hegian».
Literatura. 'Morfologiak'
Ezinegonak zizelkaturiko formak
Egilea: Garazi Ugalde. Argitaletxea: Berminghan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu