KRITIKA. Dantza

Ezezagun handia

Agus Perez.
2020ko abenduaren 1a
00:00
Entzun

'Un día cisneen el teatro'

Konpainia: Nowhere Theater - Iker Gomez. Jatorrizko ideia eta koreografia: Iker Gomez. Musika: Piotr Illitx Txaikovski. Dantzariak: Ruben Cobas, Xara Llaneza. Lekua: Bilboko Azkuna Zentroko auditorioa. Eguna: Azaroak 26.

Diziplinarteko proiektu batekin etorri da Nowhere Theater - Iker Gomez dantza konpainia Bilboko Azkuna Zentrora. Egitarau hirukoitza ekarri du, Un día cisne en el teatro (Egun batez beltxarga antzokian) izenekoa, eta goizean Bigarren Hezkuntzako bi zentrotako ikasleekin aritu ondoren, iluntzean heldu da ikusle helduen txanda.

Iker Gomez eibartarrak munduko koreografo handi batzuekin egin du lan, eta bere lehendabiziko performancea —Absurdo— 2008an ikusi genuen Bilbon. Hurrengo aukera 2010ean izan zen —La danza del cisne (Beltxargaren dantza)—, eta orduko hartan teatro fisikoaren ezaugarriak zuzeneko musikarekin elkartu zituen Nerea Alberdi bilbotar biolinistaren laguntzaz. Hamar urte geroago beltxargen kontuekin jarraitzea kezkatzeko modukoa izan daiteke, baina izenburuaz aparte, oraingo honek ez dauka zerikusirik ez formetan ez gaian orduko pieza harekin.

Esan bezala, hirukoitza izan da gaualdiko egitaraua, eta lehen zatia Proyecto cisne izeneko web-orriaren aurkezpen laburra izan da. Nik behintzat gogoz gomendatuko nioke edonori webgunea bisitatzea, koreografo batzuen gaineko informazioa grafismo dibertigarrian emateaz gain, haien lan batzuk sarean ikusteko lotura zuzenak ematen dituelako.

Bigarren atalean, koreografoak dantzariekin daukan lan egiteko modua azaldu digu, azal-azaletik baina era adierazgarrian, taula gainean zeuden bi dantzarien mugimenduetan aldaketa txikiak iradokiz, ea gero ikusleok haiek antzemateko gai ote ginen ikusteko. Eta horren segidan, gu geu ipini gaitu dantzari, bakoitza bere besaulkiaren aurrean zutik jarrita eta agertokitik erakusten zizkiguten keinuei jarraituz. Alde horretatik, esan beharra dago Gomezek sekulako optimismoa eta hurbiltasuna erakusten dituela beti, eta horrek sano uxatu duela ikusleok besteen aurrean barregarri geratzeari diogun beldurra.

Azkenik, benetako dantza-saioa etorri da taula gainean hasieratik zeuden Ruben Cobas eta Xara Llanezaren parte hartzearekin. Saio laburra izan da, ezinbestez, baina Beltxargen aintzira-ren hiru zati ezagunen berrikuspen garaikidea jasotzeko parada eman digu, lehena Llanezaren esku, bigarrena Cobas zela bakarlari, eta hirugarrena bien arteko duo pasionatuan. Hiruretan elkartu dira era aberasgarrian dantza klasikoko elementu batzuk —neskaren besoen mugimendu ondulatuak eta oin tinkatuak bereziki— eta gaurko moldeetako beste batzuk. Arlo horretan bereziki nabarmenak izan dira Llanezaren gaitasun akrobatiko itzela eta Cobasek breakdancen duen prestakuntza. Bien artean eta Iker Gomezen gidaritzapean apur bat ezagunagoa egin zaigu ezezagun handia den dantzaren artea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.