KRITIKA. Dantza Performancea

Ezer ez da dirudiena

Marina Otero da Fuck me ikuskizunaren zuzendari eta sortzailea. DIEGO ASTARITA.
Agus Perez.
2022ko martxoaren 16a
00:00
Entzun

'Fuck me'

Zuzendaritza eta dramaturgia: Marina Otero. Argiak eta eremu eszenikoa: Adrian Grimozzi. Jantziak: Uriel Cistaro. Musika: Julian Rodriguez Rona. Ikus-entzunezkoak: Florencia Labat. Dantzari-performerrak: Augusto Chiappe, Juanfra Lopez Bubica, Fred Raposo, Matias Rebossio, Miguel Valdivieso, Cristian Vega, marina Otero. Lekua: Donostiako Gazteszena aretoa. Eguna: Martxoak 14.

Zalantzati ibili naiz egun osoan, ea DFeriaren gaurko programazioan zeri buruz idatziko nukeen, eguneko lehen emanaldia Fuck me bikaina eta distiratsua egin zaidalako baina Viktoria Eugeniakoak, konpainia handien kalitatea ziurtatua egonik, tanto asko zituelako orri honetako leku nagusia hartzeko. Urruneko intxaurrak hamalau, ordea, eta bai Marco Goeckeren bai Jean Philippe Duryren konbentzionalismo garaikidea ikusi ostean, argi izan dut Marina Otero argentinarraren alde lerratuko nintzela.

Oterok aurretik egindako trilogia baten hirugarren atala aurkeztu digu Fuck me honekin, eta, denon harridurarako, bost gizon eder eta zeharo biluzik abiatu dira eszenatokira ikusleen besaulkietatik altxatuta. Egia esan, bota eta belaunetako beltzak zeramatzaten jantzita, eta haietariko bat arrosa koloreko soineko labur batekin agertu denean areagotu egin da ikuskizun erotiko batean egotearen sentsazioa. Baina ezer ez zen zirudiena, eta Otero eszenako albo batean agertu denean begien aurrean geneukanaren pertzepzioa aldatu da, orduan jakin dugulako bost gizon biluzi haiek ez zeudela han exhibizionismo hutsal baten zerbitzura, eta une horretatik aurrera izan dugulako artistaren bizkarreko lesioen berri, eta aita militarrarekin armadako kideentzako hotel batean izandako egonaldia ezagutu dugu, eta amamak hil arte gordetako sekretuen ez-notizia semeak diktadura militarrean izandako rolaz…

Dena gertatu da aldi berean: Oteroren hitz nekatuak, bizipen pertsonalak, nahi artistikoak, zehaztasun erabateko dantza, gizon uniformatuen presentzia eta haien sinbolismo sexuala, kontakizunarekin solasaldi emankorrak izan dituzten bideo-proiekzio dokumentalak, dantzari batzuen bizi-aitorpen zintzoak eta, beste ezeren gainetik, Oterok dantzariengan gauzatu duen gorputz-transposizioa.

Izan ere, azken kontu hori egin zait denetan interesgarriena, trebetasun eta inspirazio handiz baliatu dituelako bost gizonezkoen gorputzak berarentzat jada ezinezkoa omen zena egiteko edo bere fantasien irudikapen nahiko esplizitua taula gainean eta atzeko pantailan aldi berean erakusteko. Zintzotasun harrigarria eduki du alde guztietatik proposamenak, norberaren identitatearen defentsa erosezina eta dantzarako grina etengabea bezalako gai konplexuak alegiazko bide erakargarri bezain engainagarrietatik azaldu dizkigun arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.