'Murieron por encima de sus posibilidades'
Zuzendaria: Isaki Lacuesta. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 100 minutu.Azken egunotan ohiko bihurtu den bezala, Zinemaldiaren sintonia txaloekin segitu zuten kazetari eta gonbidatuek. Luze jo du Sail Ofizialak, nekea pilatuz joan da, eta txantxarako gogoa zegoen aretoan. Murieron por encima de sus posibilidades pelikulak horretarako aukera paregabea emanen zuela ematen zuen. Zoritxarrez, komedia espainiarrak ez zituen aurreikuspenak bete, eta beste norabait egin behar izan genuen txantxa bila.
Erregistro berrian agertu zaigu Isaki Lacuesta, orain arte bere lan zinematografikoekin zerikusirik ez duen komedia ero eta basatia egin nahi izan du, Alex de la Iglesiaren lehen pelikuletara hurbilduta. Krisiak eragindako kalteei alderdirik barregarriena bilatu nahi izan die, eta erantzun kolektiboa falta dela eta, banakako erantzuna erakutsi du. Haserre eta sumindurak eraginda, justizia bilatzeko modu basatia.
Eroetxe batera eraman ditu protagonistak, haiek erotzat hartzen badituzte dena errazago baita, nonbait ekintza zentzugabeek eta absurdoaren umoreak azalpenik behar ez dutelako. Beste batzuetan funtzionatu izan du formulak, baina kasu honetan oso-oso tarteka baino ez.
Kolpe batzuk kenduta —antologikoa da Albert Plaren monologoa—, pelikula josi gabe agertzen da, aurrera egin ahala bere barne kaosean gero eta gehiago murgiltzen den bitartean.
Erraietatik ateratzen den diskurtsoa baliatuta, terapia gisa agian ez da guztiz okerra, baina komedia moduan herren gelditzen den dibertimendu triste samarra da.