KRITIKA. Antzerkia

Ez izan beldur

Hiru antzezle, Ikimilikiliklik antzezlanean. ARRIAGA ANTZOKIA.
Agus Perez.
2020ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun

'Ikimilikiliklik'

Konpainia: Marie de Jongh.Egilea eta zuzendaria: Jokin Oregi. Musika: Adrian Garcia de los Ojos. Eszenografia: Ikerne Gimenez. Argiak: Javi Kandela. Jantziak:Rosa Sole. Atrezzoa: Javi Tirado. Antzezleak: Ana Meabe / Aiora Sedano, Juana Palacios / Leire Omeñaka, Maitane Sarralde.Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Urtarrilak 21.

Ibilbide dagoeneko finkatua eta arrakastatsua dauka Marie de Jongh konpainiak ume eta gaztetxoentzako antzezlanetan. Orain arte hitzik gabeko muntaiak plazaratu ditu —Amour, Alabatxoa, Izar...—, eta haietan hiru gauza nabarmendu dira beti: alde estetikoen dotorezia, gai ez errazak tratatzea —heriotza, sexu berekoen arteko amodioa...— eta, batez ere, dramaturgia mutuari berebiziko garrantzia ematea.

Estreinatu berri den Ikimilikiliklik honekin hitzerako jauzia eman du konpainiak, orain arteko planteamendu berberei eutsiz baina euskaraz azalduz argumentuan esan beharreko gauzak. Aurrekoetan bezala, ume zein gaztetxoen intereseko gai bat landu du Jokin Oregi egile eta zuzendariak, eta beldurra aztertzeari ekin dio sorginen istorioen bidez. Egia esan, beste gai eta kontu batzuk ere agertu dira emanaldian zehar, hala nola heriotza, bazterkeria eta ezezagunaren aurreko beldurra, baina horiek ere badira helduok ditugun arazoak, beste era batean baina umeekin konpartitzen ditugunak. Horretan datza, seguruenik, konpainiak helduengan lortzen duen arrakastaren gakoetariko bat.

Lehen esan bezala, beste gako nagusia alderdi eszenikoen estetika aurreratua da, eta kasu honetan ere argi geratu da kontu hori hasieratik bertatik. Adrian Garcia de los Ojosen musika pausatu eta elegantea lagun, etxe baten eskema irudikatzen zuen egitura metaliko finak hartu du protagonismo eszenikoa hasierako minutuetan, eta, argien kolore delikatuetan bilduta, katu baten arintasunez mugitu da behegainetik sabaira eta horma batetik bestera Maitane Sarralde trapezista, nolabaiteko irrealtasuna eta magia-txinpartak ematen oinarrizko kontakizunari.

Fitxa teknikoan agertzen denaren arabera, bi bikoteren alternantzia aurreikusten da datozen emanaldietan, betiere emakume batek eta neskato batek osatuak, eta adingabearen presentzia horrek aukera polita sortzen du protagonistaren beldurrei benetakotasuna emateko. Bestetik, pertsonaia helduak eta trapezistak hainbat rol jokatu dituzte emanaldian zehar, janzkeran unean uneko aldaketa txikiak eginez eta etxearen egituran barreiatuta zeuden atrezzo elementu txikiak baliatuta.

Arriaga antzokian argien bidez mugaturiko besaulki patioko eremua ondo bete dute adin guztietako ikusleek —goizean izandako DBHko ikasleek ere oso ondo hartu omen dute proposamena—, eta emanaldia bukatutakoan gogoz eskertu dituzte lanaren finezia eta gaiaren tratamenduan izandako egokitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.