KRITIKA. Artea

Ez edozein modutan

Isabel Bakedanoren hainbat lan, Bilbon ikusgai. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
2019ko azaroaren 26a
00:00
Entzun

Isabel Bakedano. 'Edertasunazeta sakratuaz'

Non: Bilboko Arte Ederren Museoan. Noiz arte: Urtarrilaren 26ra arte.

Badirudi azkenaldian pil-pilean dagoela denbora luzeegiz isilpean egondako zenbait emakume artistaren lanak azaleratzea helburu duten erakusketak antolatzeko joera. Bazen garaia. Horren adibide izan daitezke Marta Zelaia, Elena Mendizabal, Maria Jesus Cueto eta Isabel Garairen banakakoak. Bilboko Arte Ederren Museoa, gutxiago ez, eta badirudi joera honetara gehitu dela, Isabel Bakedano margolariaren banakako erakusketa ireki baitu.

Pozteko berria izan daiteke, azkenean, halakorik hain merezia zuten artista horientzat ere artearen esparruan eta, bereziki, ikusgarritasunari dagokion eremuan zirrikitu bat irekitzen hasi baitira instituzio handiak ere. Hala eta guztiz ere, berri horiek ez diezagutela bista lanbrotu. Izan ere, esaera zaharrak ezin hobeto adierazten duenez: urrutiko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau. Alegia, zer egiten den eta erakusten den garrantzitsua bada ere, erakusten den hori nola erakusten den eta horretarako egindako prozesuak bikainak izatea ezinbestekoa da kasuotan. Horrela soilik lortuko baita azkenean emaitzak distiragarriak izatea. Ez baitira horiek aurrez euskal testuinguruko artearen historian ospea izandako artisten erakusketak, eta, beraz, ikusleen galdera ondorengoa izan daiteke izen horien atzean biltzen diren erakusketen inguruan: arte lan horiek orain arte garrantzitsutzat hartu izan ez badira, zer dute berezia orain bat-batean ikusgarritasuna merezi izateko? Batek baino gehiagok pentsa dezake, feminismoaren moda dela-eta, pilatuta hautsa hartzen ari ziren lanak ateratzeko aitzakia besterik ez dela izan instituzioentzat, eta, era berean, mugimenduaren aurrean ongi gelditzeko estrategia.

Zoritxarrez, sentsazio horixe sorraraz dezake Arte Ederren Museoan jarritako erakusketak, Isabel Bakedanoren Edertasunaz eta sakratuaz izenekoak. Bai Euskal Herrian bai Espainiako Estatuan artista horren lanekin egindako lehenengo banakako erakusketa izan da eta, beraz, haren lanek arte eremura eta artearen historiara jauzi egiteko aukera. Eta nahiz eta artean espezializatutakook inongo dudarik ez izan haren jarduna azken urteetan euskal esparruan izan denik eta garrantzitsuenetarikoa eta interesgarrienetarikoa dela eta, beraz, erakusketa merezimendu osoz irabazia duela, haren izena gizartearen gehiengoarentzat ezezaguna den heinean, merezimendu hori zalantzan jar dezakete. Eta erakusketak ez du horiek uxatzen laguntzen.

Bakedanoren lan asko dago; lan ugari, eta denetarik. Hori izan daiteke akatsetariko bat. Alegia, haren pintatzeko pultsio etengabeko hori irudikatzeko asmoz, kantitate asko sartu nahi izana, kalitateari hainbeste erreparatu gabe. Lan bikainak badaude, baina, kaxkarragoen alboan, izan zezaketen distira galtzen dute. Ez hori bakarrik; askotariko estilo eta tekniketako pinturak nahasturik agertzen direnez, artistaren garapena nahas-mahas ikaragarria izan zelako sentsazioa dute ikusleek, behin erakusketa bukatuta. Eta egia izan daiteke, jakina, artista gehienek beraien ibilbidean garai ezberdinak bizi izaten dituztela ere, joera ezberdinekin esperimentatuz eta beraien estiloa denborarekin aldatuz, haien irrika, nahi eta beharren arabera. Picassoren ibilbidea adibidetzat hartuta, ederki uler genezake hori; baina haren ibilbidea nahas-mahas gisara ulertu ordez, garapen koherente gisara ulertzen da, eta horren gakoa da arte historialariek urte luzeetan haren lana eta ibilbideari buruz egindako azterketa. Bakedanoren kasuan, ordea, ez haren lanen inguruan, ez eta haren ibilbidearen inguruan ere, ez da horrelako ikerketa zientifikorik egin oraino, eta hor datza erakusketaren arazoaren giltza.

Intentzioa txalotzekoa da, baina intentzioa ez da nahikoa izaten, maiz. Adibidez, ongi dago komisario taldean Bakedanoren lagun mina izandakoa egotea, baita museoko teknikaria ere. Baina oraindik ere aztertu gabeko lanak baldin baditugu esku artean, begien bistakoa da talde horretan aditua falta dela, espezializatua, arte historialaria, alegia; artistaren lanak eta ibilaldia modu zientifiko batez aztertzeko gaitasuna duen hori, lan onak eta kaxkarragoak bereizteko irizpidea duena eta, beraz, erakusketari diskurtso koherente eta trinkoa emanez, museoko instalazioa egoki eta indartsu taxutuko lukeena, nahas-mahas sentsazioak ekidinez. Zein da, bada, hori ez bada, arte historialarien lana?

Gradua ikasi duen orok bizian behin behintzat erantzun beharra izan duen galderetariko bat da honako hau: «Oso polita, baina hori ikasita, zertan egingo duzu lan?». Bueno, bada, inor zalantzarik gabe gera dadin oraingoan, besteak beste erakusketa honetan egitea falta litzatekeena da gure lana: denbora luzeegiz isilpean egondako lanak aztertu, eta gizartearen begien aurrean haien balioa nabarmentzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.