Donostiako Nazioarteko 62. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Ez da fikzioa

Gontzal Agote.
2014ko irailaren 26a
00:00
Entzun

'Lasa eta Zabala'

Zuzendaria: Pablo Malo. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 107 minutu.

Donostian izan da egunotan Jessica Chastain aktorea. Hura akordatuko zen, seguru inork ez diola horren inguruan galdetu. Kontua da orain dela bi urte Kathryn Bigelowen Zero Dark Thirty pelikulako protagonista izan zela. Eta Bin Ladenen bilaketa kontatzen zuen film horren inguruan polemika bizia sortu zela AEBetan eta kolonietan. Dena, CIAk atxilotutakoei egiten zizkien torturak xehetasunez jasotzen zituelako. Terroristen alde egotea leporatu zioten bai zuzendariari baita filma defendatzen zuen edonori ere.

Alde horretatik, Pablo Malok ausardia handia erakutsi du bere azken pelikulan. Torturen afera off-ean edo plano ilun batzuetan utzi beharrean, gaiari gordinki heldu nahi izan dio. Ez da batere gozoa pantaila handi batean pertsona bat nola torturatzen duten ikustea. Baina tortura zer den ulertzen laguntzen du.

Denbora pasa da, oroimena lausotu, datuak eta gertaerak nahaspilatu… Joxi eta Joxeanen izenak memoria kolektiboaren parte dira, herri honek ahaztu beharko ez lukeen atal horietako baten zorigaiztoko protagonistak. Lasa eta Zabala memoria historikoa finkatzeko beharrezko ariketa da. Barne mamuak astintzeko ere exorzismo moduko bat izaten ahal da.

Sumarioan oinarritu da zuzendaria, hor aurkitu du narraziorako segitu beharreko bidea, kontakizuna askotan dokumentalaren tekniketara hurbilduz. Eztabaidagarria da sartu diren elementu fikzionatuen balioa eta zilegitasuna, eta flojoa da hainbat aktoreren lana, baina erritmoa eta tentsioa mantentzen jakin du beti zuzendariak, thriller retroaren moldea emanez istorioari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.