KRITIKA. Artea

Ez da dirudiena soilik

La Tallerreko erakusketan dauden obretako batzuk. MAITE MARTINEZ DE ARENAZA.
2021eko azaroaren 9a
00:00
Entzun

'1/400 Instituto de los Pasillos Complejos'

Non: Bilboko La Taller galerian.Noiz arte: Azaroaren 26ra arte.

La Tallerreko espazioak erakusketa berri bakoitzeko erabateko eraldaketa jasaten du nahiz eta bertako hormek, zoruak, sabaiak eta zutabeek normalean bere horretan irauten duten. Baina espazioak badirudi halako izaera aldabera duela, eta bertan aurkezten diren pieza edo proiektu bakoitzaren izaeraz eta itxuraz jabetzen dela bertan erakusketa berri bat aurkezten denean. Bai, sorpresa txiki bat izaten da bertan sartzea eta eskailerak jaistea. Eta, oraingo honetan, sorpresa Charo Garaigortaren 1/400 Instituto de los Pasillos Complejos proposamenaren eskutik etorri da.

Erakusketako pieza nagusia zalantzarik gabe espazio nagusiaren erdian zutik dagoen objektua da, erakusketari ere izenburua ematen diona: Instituto de los Pasillos Complejos. Eskailerak jaistearekin batera ikusten da. Erdi-erdian dago. Objektu bakarra nahikoa da espazio guztia betetzeko. Eta begiak mugitu ere egin gabe, xehetasunez beteriko objektura hurbiltzeko gogoa besterik ez da sortzen. Eta geroz eta gehiago hurbiltzearekin batera, haren konplexutasun maila altuaz jabetzen naiz: eskultura da, baina baita arkitektura ere. Bizigabea da, baina biziduna dirudi. Atenporala da, baina, era berean, denboraren iragate maila ezberdinak islatzen dira bertan, iragana izan daiteke edo etorkizuna. Utopikoa eta distopikoa da era berean.

Segundoak, minutuak eta orduak eman ditzakezu institutuari begira: alde batetik, bestetik, goitik eta behetik, ertz batetik edo kontrakotik. Eta beti aurretik ikusi ez duzun kale, izkina edo objekturen batekin topo egingo duzu; amaigabea dirudien zulo bat izan daiteke, monokromo zuria apurtzen duen ustekabeko kolore bat, edo pasadizo estu bat. Beti du ezer berria ikusteko: zeri begiratzen diozu?

Lengoaia ezaguna darabilela irudi dezake hasiera batean; hala-nolako dorre batek zeharkatzen du objektua, erdi-erditik. Hiri handietako dorre ortogonal horietakoa izan daiteke, kontu bategatik ez balitz: zuloz beterikoa da. Dorrearen erdialdean, berriz, lautada zabaltzen da, alde guztietara. Hiriaren beste esparruak izan zitezkeen bertakoak, etxeak, kaleak, eskulturak... Urrutitik begira hala dirudite. Etorkizuneko hiriaren irudikapena izan zatekeen: isila, lasaia. Baina ustezko utopia hau piezaz pieza eraisten eta amiltzen doa begirada zorroztearekin batera. Utopikoa zirudien hiri baten aurrien antz handiagoa hartzen du; eta hala ere ingurune biziduna da. Eskalen arteko jolasek oraindik ere nahasmendu handiagoa sortzen dute. Eta ezin begiak objektutik urrundu.

Objektuaren tituluak ere ez du harekiko egin daitezkeen hurbilketen konplexutasuna arintzen, institutu hitzaren esanahi anitzek hari begiratzeko ere beste hainbat abiapuntu iradokitzen dituztelako: instituzio ofizial bat da? Erlijio, kultura edo zientziarekin lotzen ote da? Establezimendu publiko bati egiten ote dio erreferentzia? Ala arauekin zerikusia izan dezake?

Dena delakoa izanda ere, etengabeko emaria duen proiektua da; etengabeko jolasa ahalbideratzen duena: intelektuala, eta plastikoa. Lehenaren adierazle, Garaigortaren estudioan antolatutako 2Ordu saioak dira. Piezaren inguruan, ezagutza alor ezberdinetako profesionalak bildu eta hiru orduz haren baitatik sortzen diren galdera, auzi eta gai ezberdinen inguruko eztabaida biltzen duen jarduera (haren emaitza piezarekiko osagarri den argitalpen interesgarri batean biltzen da). Bigarrenaren adierazgarri, berriz, La Tallerreko beste espazioetan barreiatzen diren collage lan eta instalazioak dira: objektu nagusia sortzeko erabilitako materialen soberakinak, sorkuntzarako lehengai bilakatu eta bizi berria emanaz eginak. Objektuaren negatibo modukoak dira. Eta nolabait haren izaera ezberdinen islak bilakatzen dira: itxura organikoa dute, lurtarra, baina era berean futuristak dira, espaziora garamatzatenak. Etengabean, binomioen arteko jolasetan gabiltza.

1/400 Instituto de los Pasillos Complejos beste proiektuekin hasitako bideei segika sorturiko prozesu berri baten emaitza da; edo agian prozesu berri honen lehen pausoa. Esperimentazio, hausnarketa eta ikerketa prozesu luze batetik plazaratutako lehen lagina da, ondutako lanaren fruitua; eskulturaren alorrean azken urte hauetan ikusten ohituta gaudenarekiko proposamen ezberdin eta freskoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.