'Asylum'

Exiliatuen istorio gordinak

Egilea: Javier de Isusi. Argitaletxea: Astiberri. Generoa: Komikia.

2017ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Javier de Isusik Astiberri argitaletxearekin, aldi berean, euskaraz eta gazteleraz eman zuen argitara Baleak ikusi ditut 2014an, eta Asylum komikiarekin ere gisa berean jokatu du, gaztelerazko bertsioaren ondotik euskarazko edizioa kaleratu baita berriki. Oraingoan, ordea, lanaren bultzatzaile nagusia CEAR Euskadi erakundea izan da (Euskadiko Errefuxiatuen Laguntzarako Batzordea), eta horrenbestez, nobela grafikoko istorioak errefuxiatuen gaiarekin hertsiki loturikoak dira.

Hari nagusia adinekoen egoitzan datzan 94 urteko Marina amonari Maialen biloba lesbianak bisita egiten dioenean abiatzen da. Bere alabei ere inoiz kontatu gabeko istorioari ekiten dio orduan Marinak, nola 1936ko uztailaren 20an, hamabost urte bete berri zituenean, Otxandio jaioterriko jaietan zegoela Francoren aliatuen bonbardaketa pairatu zuen. Nola handik Irunera itzuli ziren eta horren ondotik, Bartzelonako senideengana ihes egin zuen bere familiarekin, aita Bilboko frontera joaten zen bitartean. Eta behin frankistek Bartzelona bereganatu ostean, berriz, nola Frantziara erbesteratu ziren beste 500.000 lagunekin batera, errefuxiatuen esparrua baino gehiago kontzentrazio esparrua zirudien Argelesko hondartzan amaitzeko. Azkenean, ordea, aitak bizirik dauden senideak aurkituko ditu eta Venezuelara exiliatuko dira, atzerrian bizi berri bati ekiteko. Amaieran, berriro itzuliko dira Euskal Herrira.

Hari nagusi horri txirikordatzen zaizkio gainerako protagonista exiliatuen istorio gordin bezain latzak. Ainak Nigeriatik ihes egiteko planari jarraitzen dio 2012an, ez duelako hitzarturiko ezkontza onartzen eta mafiaren hatzaparretan ongi harrapatuta, emakumezkoen salerosketaren tragediari aurre egin behar izango dio. Christopherrek Ugandatik ihes egiten du urte berean, machunga izanik homofobia erasoak, jazarpenak nahiz heriotza mehatxuak ugaritu egin direlako bere herrialdean eta hasieran Kenyara joaten bada ere, izuak eta jazarpen mehatxuek berriro erbesteratzera behartuko dute. Sanzak, aldiz, Kongoko gerratik egin zuen ihes, hasieran Goman —historian izan den errefuxiatu-esparru handienean— amaitzeko eta beste ihesaldi baten ondotik, hamar urte luzeren ostean Melillako hesira iristen da. Gertakizun krudel eta balentria erakustaldi itzelen ondorioz, hiru protagonistek lortuko dute azkenik Europara iristea. Bestelakoa da, aldiz, Imelda mexikarraren istorioa, Ciudad Juarezeko feminizioditik ihesean dabilela eskatzen baitu asiloa Espainian. Eta hain zuzen, Marinaren istorioarekin korapilatzen dira aipatu istorioak, bera asilo egoitzan dagoen bitartean bere etxean apopilo baitaude Ania, Christopher, Sanza eta Imelda. Eta amonaren esanei jarraiki, Maialen biloba eurekin bilduko da bakoitzaren istorio ikaragarriak entzuteko.

Liburuaren hasieran aipatzen da Asylum-en giroturiko istorio gehienak benetako gertaeretan oinarrituta daudela. Hala izanik ere, Isusik asmatu du istorio beregain batean errealitateko istorio horiek txertatzen, sarri egiazko gertakariek ere egiantzekotasuna galtzen baitute fikziora moldatzean. Are gehiago, Isusiren akuarela eta koloreen erabilerak eta bineten egituraketak nabarmendu egiten du, gainera, eszena tragikoenen berezko indarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.