Kritika. Musika

Exijentziaren gaineko koloreak

Marta Garcia
2024ko uztailaren 23a
05:10
Entzun

EUSKAL HERRIKO GAZTE ORKESTRA

Zuzendaria: Ruben Gimeno. Biolina: Seohyun Kim. Narratzailea: Iban Garate. Egitaraua: P. I. Txaikovskiren Biolinerako kontzertua op. 35 eta M. Mussorgskiren eta M. Ravelen Erakusketa baterako koadroak. Lekua: Donostiako Viktoria Eugenia antzokia. Eguna: Uztailaren 20a.

Euskal Herriko Gazte Orkestrak udako topaketaren kontzertu birari ekin zion; programa exijentea zuen aurretik, trebetasun ugari eta askotarikoak eskatzen baitizkie musikariei: trinkotasuna eta biolin bakarlaria sostengatzeko sen ona, sekzio desberdinen koloreak erakutsi eta integratzeko gaitasuna. Musikari gaztez osatutako orkestra batean bikaintasuna akaso ez da helburu errealista ezta desiragarria ere, baina esan liteke hori lortu ahal izateko bide onean daudela. Izan ere, ederki ebatzi zituzten Txaikovskiren pasarte espresiboak eta esaldi luzeak, eta argi aurkeztu zituzten koadroetan ageri diren elementu ia fantastikoak.

Txaikovskik kontzertu bakarra idatzi zuen biolinerako, eta jakina da partiturak bakarlari fina behar duela, asko eskatzen baitu bai teknikari, bai interpretazioari dagokionez. Izenik handienek (D. Oistrakh, I. Perlman, P. Zukerman, H. Hahn eta A. Sophie-Mutter, esaterako) egin dituzte erreferentziazkoak diren grabazioak. Hemendik gutxira izango da, ziurrenik, izen handi horien artean beste bat, Seohyun Kim. 15 urte baino ez ditu, eta jada garaile izan da nazioarteko hainbat lehiaketatan. Irabazi duen azkena, Tibor Varga, iaz. Birtuosismoz betetako pasarteak aise jotzeaz gain —Allegro moderato-aren kadentzia gogoangarria, kasu baterako—, lerro garbia du, eta oso zorrotza da hori mantentzen, puzten eta moldatzen. Orkestrak ere lan ona egin zuen atzetik: hari trinkoak, zurezko haize samur eta doiak.

Bigarren zatia Erakusketa baterako koadroak obrak osatu zuen. Mussorgskik 1874an pianorako idatzitako materiala irudimentsua bada, Ravelek 1922an egindako orkestrazioak alderdi hori zabaldu eta handiagotu egiten du instrumentuen izaera desberdinak profitatuz. Oboea eta fagotak eder aritu ziren Gaztelu zaharra marrazten, sekzioak jostalari Txitoen balleta zatian, eta orkestra betea eta sendoa suitea ixten duen Kieveko ate handia koadroan. Iban Garate zuzen narratzaile rolean, baina azalpenek musika honek sortzen duen fantasia giroa gehiegi eteten zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.