KRITIKA. Sail Ofiziala

Eusko label

Beñat Eizagirre Indo.
2014ko urriaren 28a
00:00
Entzun

'Joxean's hil eben'

Zuzendariak: Beñat Iturrioz eta Xabier Padin. Aktoreak: Etxahun Galparsoro, Asier Oiarbide, Xabier Padin, Beñat Iturrioz. Iraupena: 40 minutu.

Historia garaileek idazten dutela esan ohi da, eta narrazioek Historia legitimatzeko funtzioa dute. Egun zinemagileek historialariek baino botere (eta autoritate?) handiagoa dute Historia eraikitzeko garaian: batetik, publikoa aintzat hartzen dutelako, eta, bestetik, emozioak dantzan ipintzeko gai direlako. Inglourious Basterds-en Quentin Tarantinok zinemaren boterea aldarrikatu zuen Adolf Hitler aise akabatuz. Beñat Iturrioz eta Xabier Padinek Historia berpiztu dute Joxean's hil eben dibertigarri eta lotsagabe honen bitartez. Ataun of the Dead lehen zatiaren ostean, zonbi karlisten eta banpiro liberalen arteko gatazka dakarkigute oraingo honetan; jolasak aurrera darrai, ezinbestean. Parodia honi esker une atsegina igarotzeko parada eskaintzen diete ikusleei, Euskal Herriaren Historia eta politika hizpide baititu filmak. Izan ere, euskaldunoi dagokigu geure unibertsoa pantailan hezurmamitzea, eta Lasa eta Zabala bezalako istorioez aparte beharrezkoak dira mota honetako narrazioak ere. Aniztasuna balio garrantzitsua baita egunotan, hain zuzen. Egun zonbiek daukaten arrakasta ikusirik ez da harritzekoa euskal unibertsora zonbiak ailegatu izana; kasu honetan, Zumalakarregiren gidaritzapean borroka egingo dute. Jose Antonio Agirre eta haren armada edukiko dituzte aurrez aurre, odol zurrupatzaile aseezinak.

Jim Jarmuschek banpiroaren figura baliatu zuen Only Lovers Left Alive lanean kultura jasoa aldarrikatzeko; Iturrioz eta Padinek, berriz, masaren aldeko apustua egin dute. Era guztietako erreferentziekin pastiche bat osatu dute publikoaren gozagarri. Euskal sukaldaritzan goi mailako osagaiak erabiltzen dira, eta film hau ez da salbuespena, Dragoi Bola eta marmitako western-a sukaldatu baitituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.