KRITIKA. Zinema

Euskal tragedia batzuk

Hil kanpaiak filmaren fotograma bat; lehen planoan, Itziar Ituño aktorea. BERRIA.
Gontzal Agote.
2020ko azaroaren 24a
00:00
Entzun

'Hil kanpaiak'

Zuzendaria: Imanol Rayo. Aktore taldea: Itziar Ituño, Eneko Sagardoi, Yon Gonzalez, Asier Hernandez, Iñigo Aranburu, Dorleta Urretabizkaia, Josean Bengoetxea, Kandido Uranga, Patricia Lopez Arnaiz, Andres Gertrudix, Itxaso Arana. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 95 minutu.

Zoriak —nahitaez euskaldunok horren menpe bizi baikara— aukera bihurria eskaini digu egunotan: thriller itxurako bi proposamen paralelo, ikus-entzunezko garaikidearen barruan gure egoeraren neurgailu moduko bat. Telebistan bata, zineman bestea, generoak uzten dituen zirrikituetatik ahots pertsonalagoa erakusten duten bi zinemagileren eskutik.

Honako hau ez da, baina, alderaketa bat; hortaz, handira joko dugu. Oinarri izan duen eleberritik tiraka, Imanol Rayo outsider-a generoaren mozorropean ageri zaigu. Adierazpiderik klasikoenean, gainera, hezur batzuen agerpena baita Hil kanpaiak-en (ustezko) motorra.

Dena den, laster geldituko da argi gutxienekoa dela norenak diren hezurrak, zergatik zeuden soro horretan. Filmak orduan erakutsiko du bere benetako izaera: ikusi behar duguna euskal tragedia bat da, hizki larriz, gure tragedia ugarien matrioxka moduko bat. Euskal thriller geza nahi duenak, jo dezala Redondo eta enparauengana.

Handinahia da asmoa, halako apustu batek arrisku franko baitakartza harekin. Alabaina, Rayo ataka zailetik ongi baino hobeto aterako da, sintesi gaitasun ikaragarria erakutsiko baitu film osoan zehar. Gauza asko kontatzen ditu Hil kanpaiak-ek, eta, ertz ugari —antropologikoak, historikoak, sozialak...— ukitu arren, ez da inguru-mingurutan galduko; gardena eta iluna izaten badaki.

Sintesi txalogarri horretarako, ezinbestekoa da elipsiaren erabilera. Kontatzen zaiguna bezain inportantea da ikusten ez duguna. Horregatik da horren inportantea eremuz kanpokoaren erabilera, maila narratiboan zein estilistikoan.

Gauza asko, baina poliki kontatuta, patxadaz, pertsonaiei behar bezainbesteko denbora emanez, eta begiradak, isiluneak eta lehen planoak kontatzen ari den horretarako ezinbesteko arma bihurtuz. Hori da neurria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.