Askoren artean 'Bilbo-hiri irratia. 20 urtez euskal taupada'

Euskal duetoen uhinak

Argitalpena: Erroa.

2017ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Bilboko Kafe Antzokian kokatzen den Bilbo-Hiria irratiak 20 urte bete ditu aurten, eta urteurren horren harira, disko-bilduma plazaratu du, 20 urtez euskal taupada izenburupean. Diskoak urtemuga ospatzeko propio idatzi eta grabatutako zortzi kantu biltzen ditu, gehienak dueto moduan jasoak. Egia esan, horrelako esperimentuak ez ditut batere atsegin; artifizialegiak iruditzen zaizkit, eta kalitate aldetik, gehienetan, eskasak izaten dira. Halere, diskoak opari ezkutu ederrak biltzen ditu, binilozko zazpi hazbeteko singlean argitaratu eta biltzeko modukoak. Adi.

Diskoa Anje Duhalde eta Aire Ahizpek zabaltzen dute, Ama Euskal Herria doinuarekin; folk kutsuko doinua da, Aire Ahizpen ahots gozoekin jantzia eta Xalbadorren hitzekin osatua. Bigarren kantuak ere folk kutsua erakusten du, baina pop epikorako joerarekin: Mikel Urdangarinek eta Izarok grabatutako Egun argian. Izaroren ahotsa ikusgarri tenkatzen da Urdangarinen tonu altuen artetik.

Hirugarren kantua diskoan bildutako harribitxietako bat da, Ruper Ordorikak eta Rory McLeodek egindako Ez da posible kantu ezagunaren bertsio gordina, blues kutsukoa, harmonikak bultzatua.

Laugarren kantua Zea Mays eta Belakoko Cris Lizarragaren arteko elkarlana da. 2007an Zea Mays taldeak grabatutako Hondarretik Ondarroara kantuaren bertsioa, jatorrizkoa baina post-punk zaleagoa, ilunagoa eta dantzagarriagoa, Crisen ahots iradokitzailearen ekarpenarekin, zeina bikain uztartzen den Aioraren manerekin.

Bosgarren doinua diskoaren gailurra da, Txuma Murugarrenek, Pettik eta Rafa Ruedak grabatutako Nick Caveren Babe, I'm on fire kantuaren moldaketa bikaina, Sutan nago. Txumaren ahotsarekin hasten da kantua, gogotsu eta amorratu, baina kantuaren bigarren zatian Pettiren ahots sakona azaleratzen da, sendo, eta gitarren lana basatia da. Euskarazko hitzak ezin hobe txertatu dira, eta horrek guztiak moldaketa biribila egiten du.

Seigarren kantua, Soluzioa, Hedoi Etxarteren biolinak apaindutako trap politikoa da, Maisha MC-ren aldarri sozialistak zabaltzeko: «Jatekorik ez baduzu / aberatsari lapurtu / sozialismoa / soluzioa da». Zazpigarrena, Washington hiriko Dischord zigilu independenteak1990eko hamarkadan plazaratutako Jawbox taldearen Savory kantu ezagun eta ederraren moldaketa da, PILT eta JP Lohianen eskutik; ez du nobedade handirik erakusten, ahotsekin eta gitarrekin lan polita egin duten arren.

Irratiko langileen ahotsekin eta Xabi Aburruzagaren musikariaren instrumentuekin ondutako Gora Gu eta Gutarrak kantuarekin amaitzen da diskoa; musika Josu Zabalarena da. Abesti gehienak Xanpe teknikariak grabatu ditu eta Josu Zabala, halaber, koordinazioan aritu da. Diskoa datorren asteartean aurkeztuko dute, Bilboko Kafe Antzokian, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.