'Negociador'
Zuzendaria: Borja Kobeaga. Aktoreak: Ramon Barea, Joxean Bengoetxea, Carlos Areces. Herrialdea: Euskal Herria. Iraupena: 79 minutu.Ur handitan sartu da Borja Kobeaga bere azken proiektuan; apustu ausarta egin, eta onik atera da. Euskal Herritik zaila da Negociador-era hurbiltzea, bateko edo besteko aurreiritzirik gabe. Itxi gabe daude zauriak, eta, ziurrenik, ez da behar den denbora pasatu, beharrezkoa den perspektiba hartu ahal izateko.
Gaia berez arantzaz beterik egonda, komedia giroa hautatu izanak areagotzen ahal du filmarekiko errezeloa. Are gehiago, zuzendariaren curriculum zinematografikoari erreparatzen bazaio: normalean topiko eta sinplekerietan oinarritu izan da Kobeagaren euskaldunoi buruzko umorea, Vaya semanita-ko ataletan zein Ocho apellidos vascos pelikularen gidoiaren idazketan.
Zorionez, azken horien ifrentzua da Negociador. Umore zatarra eta txiste errazak alde batera utzita —egia da ezin izan duela guztiz baztertu joera hori—, oso beste bide batetik jo du Kobeagak. Minimalismoaren eta absurdoaren umorea aurkeztuko digu filmak, egoera askoren surrealismoan oinarrituta.
Gidoi zorrotzak eta eszenaratze soilak dituzten bertuteez gain, ezin (gor)aipatu gabe utzi Ramon Barea eta Joxean Bengoetxea bi aktore protagonisten lana. Lehenengoak bere bizkar gainean hartuko du pelikula osoa, eta interpretazio bikaina eskainiko digu.
Benetako gertaera batean oinarrituta bada ere, Negociador-ek ez du ikuslea engainatu nahi, eta agerian utziko du zer duen errealitatetik, zer asmaziotik. Ez zen dena horrela gertatu, baina oinarrian dagoena gertatu zen: euskaldun batzuk aurrez aurre, Europako hotel batean, nazioarteko bitartekari batzuen begiradapean, hitz egin nahian. Dramatikoa, gure historia. Eta distantzia pixka bat hartuta, elementu surrealistez josia.
Alde horretatik, Lasa eta Zabala baino zintzoagoa da filma, ez baititu ezkutatzen formatu sasi-dokumentalaren pean hainbat lizentzia narratibo oso eztabaidagarri. Dena den, ongi legoke Negociador beste material interesgarri batzuekin osatzea, esate baterako, Maite Artolak Jesus Egigurenekin gaiaz izaten dituen solasaldiekin edota Imanol Murua Uriaren liburu argigarriarekin.